Txakurrak adopzioan emateko kanpaina berria antolatu du Getxoko Udalak

Erredakzioa 2020ko eka. 18a, 10:05

Artxiboko irudia.

Getxoko Udalak kanpaina bat antolatu du etxe-abereak jasotzeko udal zerbitzuaren egoitzan dauden txakurrak adopzioan emateko. Gaur egun, 11 txakur daude zerbitzu horretan adoptatzeko moduan.

“Ez erosi, adoptatu!” goiburuaren pean, kanpainaren helburua da “kalean aurkitzen diren eta familia baten zain dauden txakurrei bigarren aukera bat izan dezaten. Hori dela eta, ekainean, hiru egunean, jendaurrean erakutsiko dira gaur egun etxe-abereak jasotzeko zerbitzuan dauden txakurrak, adopzioan emateko”, jakinarazi du Ingurumeneko Hiri Zerbitzuak eta Ingurumen Kalitate Arloko zinegotziak, Joseba Arregik.

Jendaurreko erakusketa, honako egun hauetan izango da: hilaren 26an, barikuan, Algortako San Nikolas plazan, 16:00etatik 20:00etara; hilaren 27an, zapatua, Itzubaltzeta/Romoko Santa Eugenia plazan, 10:00etatik 14:00etara; eta hilaren 28an, domekan, Areetako Xake plazan, 10:00etatik 14:00etara ere.

Udalak gogorarazi du egun horietan txakurren erakusketa bisitatzera joaten diren pertsonek osasun-neurriak bete beharko dituztela urruntze sozialari, maskara erabiltzeari eta pilaketak saihesteari dagokienez, besteak beste.

Aldi berean, Udalak kartel bat prestatu du, non Getxon jasotako txakur guztiak ikusten diren. Adin eta arraza desberdinetako txakurrak; "gehienak lagunkoiak direla esan daiteke", diote arduradunek.

Kartela ikusgai egongo da kanpainan zehar txakurrak erakutsiko diren tokietako inguruetan. Gomendio bat ere jasotzen du kartelak, hain zuzen, kalean txakur bat aurkituz gero zer egin jakiteko: etxera ez eraman eta Udaltzaingora (94 466 02 02) edo Ingurumen Arlora (94 466 01 91) deitzea gomendatzen da. Etxe-abereak jasotzeko zerbitzuak hartuko du animalia identifikatu eta bere jabea aurkitzeko ardura.

Zerbitzuari buruzko informazio guztia www.getxo.eus udal webgunean kontsulta daiteke.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun