COVID-19aren pandemiak eragindako egoera berezia dela eta, antolatzaileek moldaketak egin behar izan dituzte; hala ere, hasierako planteamenduagaz aurrera jarraitzea erabaki dute udaleku ibiltariak egin ahal izateko. Hala, aurreikusitakoaren arabera, abuztuaren 24an abiatuko dira Algortatik, Uribe Kosta osoaren inguruan ibilbide zirkular bat eginez. Abuztuaren 30ean bukatuko dute ibilbidea, Algortan baita ere.
Aldaketen artean, nabarmentzekoa da taldeek gaua norberaren etxeetan pasatuko dutela, "ez zaigulako jarrera arduratsua iruditzen gazte talde bat kanpin dendetan elkarrekin lo egiten jartzea, gutxieneko segurtasun distantzia mantendu barik". Hortaz, gazteak egunero itzuliko dira etxera lotara, eta elkartea arduratuko da gazteak garraio publikoan garraiatzeaz egun horretan egin beharreko etaparen hasierara arte, "beti ere, gurasoek horretarako baimena ematen dutenean, familiaren batek nahiago balu gazteak garraio pribatuan eramatea, gure aldetik ez litzateke inolako arazorik egongo", azaldu dute arduradunek.
Udaleku ibiltarien egitasmo guztia osasun egoeraren garapenaren menpe egongo da: "Ezin izango dizuegu programa zehaztu bat eskaini udalekuak hasi baino aurreko asteetara arte. Beti ere, jarduera guztiak HARIA elkartearen oinarrien inguruan kokatuko dira; euskara, ondarea, mendizaletasuna, kulturartekotasuna eta baloreetan heztea".
Izena emateko epea ekainak 29an zabalduko da. Horretarako, sakatu hemen. Prezioak hurrengoak izango dira:
- Bizarra Lepoan Euskara elkarteko bazkideentzat: 154€
- Ez bazkideentzat: 189€
Aurreikusitako ibilbidea
Ibilbidea astebetean egingo dute, 7 etapatan banatuta. Algortako San Nikolas plazatik hasi eta bertan bukatzeko, ibilbide zirkularra egingo dute Uribe Kostatik:
- Algorta – Gorliz
- Gorliz – Jatabe
- Jatabe – Butroi
- Butroi – Martiartu
- Martiartu – Urduliz
- Urduliz – Berango
- Berango – Algorta