“Getxon gozatzeko planak” izeneko programa udal-ekimena da, Ekonomia Sustatzeko Saileko Turismo Unitateak sustatua, eta getxoztarrek eta bisitariek udalerriaz gozatzeko bertako enpresek diseinatzen dituzten jardueren eta esperientzien eskaintza zabaltzea eta kokatzea du helburu. Era berean, baliabide ezagunenen plan espezializatu eta alternatiboak eskaintzen ditu, bisitariek eta txangozaleek Getxora egiten dituzten bisitak errepikatzera anima daitezen, Turismo Bulegoaren berbetan.
Urtero legez, lau atal izango ditu eskaintzak: “Getxo Kosta”, “Getxo Monumentala eta Kulturala”, “Getxo Aktiboa eta Ongizatea” eta “Getxo Enogastronomikoa”.
Getxo Kosta
Aurten, berrikuntza modura, ordu biko surf-bataioak eskainiko dira probatu gura dutenentzat, ikastaro osoa kontratatu barik ere. "Altxorraren bilaketa belaontzian" (belaontzi batean egingo den mini-gynkhana) eta “Landu zure estresa belaontzi batean” ekimenak ere (horretan, belaontzian zeharkaldiaz gozatzeaz gain, estresa lantzeko teknikak -arnasketak, musika…- garatuko dira). Ohiko jarduerak eta esperientziak ere eskainiko dira belaontzi eta motordun itsasontzietan, bataioak eta urpekaritza-ikastaroak, surf ikastaroak, paddle-surf irteerak, belaontziko ibilaldi berezia (Kostaldeko Donejakue bidea), Sail The Way ekimena eta uretako motoen ibilbidea,
Getxo Monumentala eta Kulturala
Berrikuntza nagusia “Getxo Ramiro Pinilla inspiratzen” programa da, bi esperientzia biltzen dituena: “Botasen bila” (Pinillaren obra batean oinarritutako gynkhana familiarra) eta “Antzerki-emanaldia” (ibilbide emozional eta literarioa Arrigunaga hondartzan). Bisitaldiak eta ibilbideak ere izango dira, mota guztietako baliabide kulturalak, naturalak eta arkitektonikoak ezagutzeko: gidatuak, antzeztuak, taxiz, itsasontziz eta formatu autogidatuan.
Getxo Aktiboa eta Ongizatea
Aurten, kapitulu honek flyscharen eta Gorrondatxe-Azkorri hondartzaren inguruko hainbat bisita eta esperientzia eskainiko ditu. Baita Shinrin-Yoku (basoko bainuak) ekialdeko filosofian oinarritutako esperientziak ere (naturagaz dugun lotura modu kontzientean sakontzea, estresa askatzen laguntzeko). Goming eta eskaladaren eskaintza mantentzen da Bizkaia Zubian, hegaldiak parapentean, skate-ikastaroak, ibilbideak eta Getxo bizikletaz edo tipi-tapa gozatzeko ibilbideak, hipika, eta ongizateari lotutako jarduerak, yoga eta ekialdeko beste arte batzuk, esaterako.
Getxo Enogastronomikoa
Turismo Bulegoak azaldu duenez, sukaldaritza-eskaintza, pintxo-poteko ibilbideak, pintxoez gozatzeko bisita gidatuak eta sukaldaritzako master-eskolak izango dira aurten, baita beste berrikuntza batzuk ere: euskal artisau-garagardoen dastaketak, artisau-bermuten dastaketak eta familiako sukaldaritza-tailerrak.
“Getxo Plan 2020” liburuxka ikus daiteke lotura honetan:
https://www.getxo.eus/DocsPublic/turismo/Planes_castellano.pdf