Koronabirusa Uribe Kostan

Areetako eta Ereagako hondartzetara sartzeko pasealekuetan maskaren erabilera kontrolatuko da puntako orduetan

Erredakzioa 2020ko eka. 19a, 09:36

Hondartzetarako sarbidea eta horien erabilera arautzeko orain arteko neurriak mantenduko ditu aste-akabu honetan Getxoko Udalak. Neurriok astero aztertzen dira eta beharren arabera aldatu ahal izango direla ohartarazi dute udal-arduradunek. Oraingoan, gainera, maskararen erabileraren gaineko kontrol espezifikoak egiten hasiko dira Ereaga eta Areetako hondartzetara sartzeko pasealekuan, pertsonen pilaketak saiheste aldera. Halakoak gertatzekotan, segurtasun-distantzia gordetzea ezinezkoa denean maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da.

Paseatzen ari diren pertsonak eta hiriko hareatzetara sartzen diren pertsonak biltzen diren eremuak dira, eta, beraz, Udaltzaingoak ez du utziko maskara gabe pasatzen, baldin eta, eremu horietan jendea pilatzen denez, osasun-segurtasuneko distantzia gordetzea ezinezkoa dela uste badu. Kontrolak poliziak beharrezkotzat jotzen duenean egingo dira, aipatutako inguruneetako egoera ikusita; hondartzen barruan, sorosleei eta hondartzainei dagokie kontrola. Hiru okupazio-maila izango dira, hau da, berdea, anbar-kolorea eta gorria. Bandera anbar dagoenean, hondartzan hiru ordu daramatzatenei alde egiteko gomendatuko zaie, eta beharbada, sarrerak ixten hasi ahal izango dira.

Informazio hori hondartzetan megafoniaren bidez emango da ezagutzera; Bizkaiko Foru Aldundiko hondartzen web-orriaren bidez, eta Aldundiaren BizkaiUp aplikazioaren bidez. Hori edozein gailu mugikorretan deskargatu daiteke. Agintariek gomendatzen dute hondartzara joan aurretik, aplikazioa begiratzea okupazio-maila ezagutzeko.

Neurriak

Aste-akabu honetarako neurriak hasieratik iragarritakoak dira, hau da, hesiek eta seinaleek Areetako, Ereagako, Arrigunagako eta Azkorri/Gorrondatxeko hondartzetarako oinezkoentzako sarrerak, eta sarbideen norabideak arautuko dituzte, pilaketak saihesteko eta pertsonak errazago pasatzeko. Ereagako hondartzarako ibilgailu-sarbidea, barikutik domekara, Begoñako biribilgunetik itxiko da 11:30etik 13:30era eta 15:00etatik 20:00etara, ibilgailuen pilaketak saihesteko. Baimendutako autoei (egoiliarrak, hoteletako bezeroak) pasatzen utziko zaie, eta eguerdian irekiko da, ostalaritza-establezimenduetarako sarbidea errazteko. Era berean, Begoñako eta Igeretxe/Txomintxuko biribilguneen arteko itzulerako erreia trafikoari moztuko zaio, oinezkoentzako espazioa zabaltzeko, Ereagako jaitsieratik aterako dena.

Aste honetan eta hurrengoan iturriak, dutxak eta oinak garbitzekoak prezintaturik egongo dira. Egun horiek igaro ondoren, erabakiko da ea horien erabilera posible den osasun agintarien gomendioak kontuan hartuta.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun