Udaltzaingoak ez du utziko maskara gabe pasatzen, baldin eta, gune horietan jendea pilatzen denean, osasun-segurtasuneko distantzia gordetzea ezinezkoa dela uste badu. Kontrolak Poliziak beharrezkotzat jotzen dituen tokietan egingo dira, aipatutako inguruneetako egoera ikusita.
Era berean, aurreko asteburuetako hondartzetako zirkulazioa eta sarbidea arautzeko neurriei eutsiko zaie, bai eta hondartza horiek arduraz erabiltzeko gomendioei ere https://bit.ly/2Z00JG2.
Denboraldiko lehen astearen balantzea
Denboraldiko lehen astea (ekainaren 15etik 21era) gorabeherarik gabe amaitu zen Bizkaiko hondartzetan jende lar pilatzeagatik, nahiz eta domeka osoan jende asko egon zen hondartza guztietan, Foru Aldundiak aditzera emandakoaren arabera. Areetako hondartza bai itxi behar izan zuten egun horretan, ordu biz, gehienezko edukiera betetzeagatik.
Bandera anbara jartzeak eta megafonia bidezko abisuek mobilizatu egin zituzten okupazio handieneko momentuetan hondartzetan zeudenak, "eta ez zen beharrezkoa izan aparteko neurririk hartzea edukiera-mugak mantentzeko", Aldundiaren arabera.
Hondartzetara joandakoen kopuruari dagokionez, lehenengo astean, 138.065 pertsona hurbildu ziren Bizkaiko hondartzetara, gehienak asteburuan, eguraldi onagatik. Zehazki, hondartzara joandakoen kopuru handiena domekan izan zen (65.895 lagun) eta gehien bisitatutako hondartzak Gorliz (18.041 pertsonak), La Arena (15.036) eta Plentzia (14.864) izan ziren.