Bapiruke Udan Jolasten

"Udako Bapirukeren eskaintza berrasmatu behar izan dugu"

Iker Rincon Moreno 2020ko uzt. 3a, 12:00

Artxiboko irudia.

Bapiruke Udan Jolasten egitasmoa martxan jarri du Bizarra Lepoan euskara elkarteak. COVID-19ak eragindako egoera berri honetan, urteroko udalekuen alternatiba da hori, umeen jolasteko eskubidea “ezinbestekoa” delakoan ikasteko. Hala, osasun-neurri denak hartuta, uztailaren 1etik aurrera euskaraz olgatzeko aukera izango dute umeek Getxon.

COVID-19aren pandemiak eragindako egoera berriak ezinezkoa egin du aurten ohiko udalekuak egitea. Hori dela eta, elkarteek egitasmoak berrasmatu eta alternatibak planteatu behar izan dituzte umeek udaldian kaleak berreskuratu eta jolasean gozatu ahal izateko. Horren adibide dugu Getxoko Bizarra Lepoan euskara-elkartearen kasua; udaberriko koloniak bertan behera utzi ondoren, udako ohiko Bapiruke eraldatu eta eskaintza berezia prestatu du uztailerako.

“Taldeak isolatuta egongo dira. Taldekideekin soilik izango dute harremana, beste taldeekin nahastu barik”

Aurten ez dituzte udalerriko eskolak erabiliko egitasmoak iraun bitartean ekintzak egiteko, “ezta eremu txikiak ere. Den-dena aire zabalean izango da, Algorta, Romo eta Andra Mari inguruko plazetan, berdeguneetan eta hondartzetan”, azaldu du Alaitz Villate Bizarra Lepoaneko kideak. Ordutegiari dagokionez, 09:30etik 13:30era egingo dituzte jarduera denak, uztailaren 1etik 30era, txanda bitan banatuta; “egoera berezi honetan ez da egun osoko txangorik egingo”, nabarmendu dute elkartekoek. Taldeak ere txikitu dituzte, adinaren araberakoak, zortzi neska-mutilekoak. “Udalekuetan taldeak hamar umekoak izaten ziren, baina gaur egungo egoeragatik taldeak zortzi neska-mutilera mugatu behar izan ditugu, denak begirale banarekin”. Mikel Astorki elkarteko kideak azaldu duenez, “babes-neurri modura, talde horiek isolatuta egongo dira. Bermatuko dugu taldekideek euren artean soilik harremana izatea, beste taldekoekin nahastu barik”. Horrez gainera, ohiko segurtasun-neurriak izango dituzte, hala nola gel hidroalkoholikoak eta maskarak erabiltzea uneoro. Era berean, umeei tenperatura ere hartuko zaie, inork sukarrik ez duela ziurtatzeko. Ume batek COVID-19an positibo emango balu, bere talde osoaren jarduna etetea baloratuko luketela azpimarratu dute Bizarra Lepoan elkartekoek: “Gutxieneko segurtasuna bermatu behar dugu umeentzat”.

“Jolasa ezinbestekoa da umeentzat, esperimentatzea, modu horretan ikasten dutelako. Beharrezkotzat jotzen genuen hau eskaintzea”

Elkar ukitzearen kontuari dagokionez, gurasoek eta begiraleek argi dute guztiz ekidinezina dela hori umeen artean: “Egitasmoa martxan jartzeko baldintzetan argi utzi dugu hori, eta gurasoek hori ere onartu dute. Udan Jolasten egitasmoa martxan dagoen bitartean taldeko neska-mutilak elkar egongo dira egunero, hamar edo hogei egunez, eta onartu beharra dago elkar ukituko dutela jolasean. Dena dela, gu saiatuko gara horretarako ahalik eta aukera gutxien egon dadin”. Hala, beharrezkoa ez den eta kanpokoa den materialik erabiliko ez dutela ziurtatu dute, “ezin dugulako ziurtatu material horrek segurtasun-neurri denak bete dituela”. Ondorioz, ez dute eskulanik egingo, ezta hamaiketakorik banatu ere.

Kalea berreskuratzeko beharra

Konfinamenduaren ondorioz, umeak etxean itxita egon dira denbora luzez, kalean eta beste neska-mutilakaz jolastu ezinik. “Jolasa ezinbestekoa da umeentzat, esperimentatzea, modu horretan ikasten dutelako. Hori dela eta, beharrezkotzat jotzen genuen udan aisialdiari begira balio hezitzailea duen eskaintza bat egitea, baita euskaraz jolasteko aukera eman ere, bi hilabeteotan ume askok ez dutelako izan euskararekin apenas harremanik izan”, azaldu dute elkarteko kideek. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun