Arratoiak hiltzeko aurtengo bigarren kanpaina abiatu dute Getxon

Erredakzioa 2020ko uzt. 7a, 09:52
CC BY SA-Edal Anton Lefterov

Arratoiak hiltzeko urteko bigarren kanpaina trinkoa abiatu du Getxoko Udaleko Ingurumen Arloak, hilaren 17ra arte iraungo duena. Urtero hiru kanpaina trinko egiten dira, guztira.

Aurrez aurreko tratamendu da, trinkoa, orokorra eta aldi berekoa, eta honako egun hauetan eta Getxoko honako toki hauetan egingo da:

  • Hilak 6: Areeta aldea.
  • Hilak 7: Romo-Zugazarte aldea.
  • Hilak 8: Neguriko goiko aldea (metroko trenbidetik Ereaga hondartzaraino).
  • Hilak 9: Neguriko beheko aldea (metroko trenbidetik Gobela ibairaino).
  • Hilak 10: Arrigunaga eta inguruak.
  • Hilak 13: Algortako goiko aldea.
  • Hilak 14: Bidezabal-Ollarretxe gunea.
  • Hilak 15: Algortako beheko aldea.
  • Hilak 16 eta 17: Andra Mari auzoa.

Animalia horiek hobeto kontrolatzeko eta tratamendua guztiz eraginkorra izan dadin, Udalak herritarren laguntza eskatu du honako jarraibide hauei jarraituz: "ez elikatu kaleko animaliak (katuak, hegaztiak …), ez utzi janari arrastorik bide publikoan, erabili paperontziak eta bota zaborrak 20:00etatik 22:00etara".

Era berean, tratamendu horiek saneamendu-sareak, hustubide eta kanalizazio elektrikoetan egiten direnez gero, jabe-erkidego pribatuei gomendatzen zaie beren lorategietako eta barruko edo komunitateko patioetako arratoiak hiltzeko mantentze-zerbitzuak kontratatuta edukitzea, tratamenduak ere eraginkorragoak izan daitezen.

Azkenik, Udalak azaldu du lanotarako erabiltzen diren produktuak horrelako tratamenduetarako baimendutakoak direla eta inoiz ez direla pertsonak edo animaliak hel daitezkeen lekuetan jartzen, pozoitzea eragozteko

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun