Antzina egiten zen soja-saltsak ez dauka ia zerikusirik gaur egun ezagutzen dugun, ekoizten den eta gure etxeetara heltzen zaigun saltsarekin. Askok pentsa dezakete Japonian duela jatorria, baina, egia esanda, Txinan sortu zen. Horren hasierako helburua zen hainbat elikagai gatzaren bidez kontserbatzea. Izan ere, antzinako Txinan, beste hainbat lekutan bezalaxe, gatzetan kontserbatu egiten ziren okelak, arrainak, garia eta soja-haziak; azken horien soberazko urkaria gozogarri modura erabiltzen zen. Gaur egun dugun saltsa hasierako horretatik aldatu den arren, erabilera nahiko berdina da. Asia inguruko plater eta errezeta askotan gozogarri modura erabiltzen da; hala ere, saltsa-mota asko aurki ditzakegu. Txinan hiru soja-saltsa ezberdin sortzen dira eta Japonian beste hiru. Bakoitzak bere erabilera propioa du baina gehien erabiltzen duguna Txinan sortzen den soja-saltsa bat da, Txinako beste bi soja-saltsen nahasketa dena.
Zeintzuk dira soja-saltsaren osasunerako onurak?
Saltsa horren oinarria, nola ez, sojaren haziak dira; ondorioz, antioxidatzaile indartsua da, gure zelula-ehunaren zahartzea moteltzeko ahalmena duena. Saltsa hau balio biologiko handiko proteina-begetalen iturria da ere eta, disolbatuta dagoenez, digestioa hobetzeko lagungarria da. Elikagai hartzitua denez, hesteetako flora zaintzen duten mikroorganismo onuragarriak ditu; gainera karbohidrato gutxi du, baita koipe gutxi ere. Hala, zapore-ukitua ematen die plater askori, bestelako kaloriarik eman gabe. Horretaz aparte, LDL kolesterola (kaltegarriena) gutxitzen laguntzen duela uste dute aditu askok eta kaltzio-iturri ona ere bada; ondorioz, hezur eta artikulazioetarako gomendagarria da.
Nire kasuan, soja-saltsa askotan erabiltzen dut kozinatzeko orduan. Oliba-olioaren alboan gordeta daukat, ezinbestekoa iruditzen zait eta plater asko gazitzeko gatza erabili beharrean soja-saltsa erabiltzen dut. Egia da ere lan egin dudan jatetxe gehienetan soja-saltsa askotan erabiltzen zela eta horri esker etxean erabiltzeko ideia ezberdin asko eman didatela, adibidez oilaskoa marinatzeko orduan. Horri saltsa-soja nahikotxo eta askotariko espeziak botatzen dizkiot, baita sesamo-olio pixka bat ere. Nahasketa hori orrion aurkeztuko dizuedan errezetan ere aurkituko duzue.
Noodleak aza gorri eta txahalarekin
Errezeta exotiko hau egiteko, hurrengo osagaiak beharko dituzue: noodleak, aza gorria, berakatza, azenarioa, piper berdea, txahal-okela, soja-saltsa, sesamo-olioa eta ostra-saltsa. Horietako elementu denak ohiko supermerkatuetan topatzeko aukera izango duzue, ez larritu. Platera zelan prestatzen den jakin gura duzu? Goazen bada!
Lehenik eta behin, noodleak lau minutuz egosiko ditugu eta horiek prest ditugunean gerorako gordeko ditugu. Wok gisako zartagin batean, bitartean, sesamo-olio pixka bat botako dugu eta bertan berakatza, piper berdea, aza gorria eta azenarioak salteatuko ditugu, su ertainean. Adi! Garrantzitsua da barazkiak gehiegi ez egitea, ahoan ondo nabaritu ahal izateko eta barazki kurruskariak lortzeko. Behin horiek denak salteatu ditugula, okela gehituko dugu; hori aldez aurretik oso zati txikitan zatituko dugu, ahalik eta denbora gutxienean egin ahal izateko. Ondoren, behin dena prest dugula, aurretik gordetako noodleak botako ditugu. Dena ondo berotuta dagoela, ostra-saltsaren pare bat koilarakada eta soja-saltsa nahikotxo botako dugu. Dena ondo nahasita dagoela, errezeta amaitutzat eman dezakegu. Plater horretaz modu ezin hobean gozatu ahal izateko gomendio bat emango dizuet: gorde fruitu lehor batzuk, txikitu eta denaren gainetik bota; azkenik, martorri apur batekin aurkeztu, itxura paregabea izango du!
Ikusi duzuenez, oso erraza da mota honetako zerbait egitea. Espero dut gustukoa izatea eta guztiok animatzea etxean egitera, on egin!