BBK Artearen Ibilbidea ekimenak hartzen dituen 40 lanetatik 24k QR kodea izango dute, eta erakusketa bisitatzera hurbiltzen direnei aukera emango diete gailu mugikorrean iruzkinak dituzten audio fitxategiak doan deskargatzeko (euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez). Gainera, 6 lanek haurrentzako diseinatutako kontakizun bat izango dute, 5 eta 10 urte bitarteko umeei zuzendua.
Ibilbidearen helburu nagusia da museoaren bilduma bere aretoetatik haratago zabaltzen laguntzea eta herritarrak artera gerturatzea. Miguel Zugaza Arte Ederren museoaren zuzendariak aipatu duenez, ekimena “modu probokatzailean ailegatuko zaie herritarrei”, arte-lanak ohiko kokapenetik aterako baitira. Horrela, publikoak pinakotekaren ondare komun aberatsaz gozatu ahalko eta bere garrantziaz jabetzeko aukera izango du aire zabalean, artearen historiako hainbat garai eta eskolatako artista handien obra seinalatuen bidez; gainera, teknologiari esker, haren ezagutzan sakondu ahal izango du.
Erreproduzitutako 40 obren hautaketan, XIII. mendetik XX. mendera artekoak, hurrengo artisten lanak daude: erromaniko anonimo katalana, Bartolomé Bermejo, Jan Mandijn, Martin de Vos, Grekoa, Frans Pourbus, Orazio Gentileschi, José de Ribera, Francisco de Zurbarán, Anton van Dyck, Pieter Fransz de Grebber, Juan de Arellano, Bartolomé E. Murillo, Luis Paret, Francisco de Goya, Anselmo Guinea, Mary Cassatt, Paul Gauguin, Joaquín Sorolla, Darío de Regoyos, Adolfo Guiard, Ignacio Zuloaga, José Gutiérrez Solana, Valentín de Zubiaurre, Aurelio Arteta, Juan de Echevarría, Robert Delaunay, Daniel Vázquez Díaz, Antonio de Guezala, María Blanchard, Nicolás de Lekuona, José María de Ucelay, Antoni Tàpies, Francis Bacon, Agustín Ibarrola, Antonio Sistiaga, Balerdi, Vicente Ameztoy, Alfonso Gortázar eta Eduardo Arroyo.
Proiektu eta proposamen didaktikoa
Proiektua Museoko Erakusketa Saileko Miriam Alzurik koordinatu du, eta obrei buruzko iruzkinak egin ditu. Hezkuntza eta Kultur Ekintza Saileko María Victoria Antoñanzasek eta César Ochoak proposamen didaktikoa garatu dute, eta, horri esker, hezkuntza arloko langileek publikoaren galderak orientatu eta erantzungo dituzte bisita dinamizatuetan (eguaztenetik domekara, 17:00etatik 20:00etara; gehienez 8 pertsona taldeko), jendeak horrela eskatzen badu.
Getxotik pasatu ondoren, erakusketa beste udalerri batzuetan egongo da ikusgai: Gorliz, Plentzia, Bakio, Bermeo, Mundaka, Elantxobe, Ispaster, Ondarroa eta Lekeition, hain zuzen ere.