Hainbat ezezagunek Algortako Juan Bautista Uribarri kaleko 2 zenbakiko garajeetara sartu ziren joan den uztailaren 22ko goizaldean. Bertan zeudela, gutxienez, 15 trasteleku indarrez bortxatu (sarrailak apurtu eta ateak ireki) zituzten. Denera, Getxoko Udaltzaingoak jazoera horri lotutako 13 salaketa jaso ditu; horietatik, 8tan lapurreta egin dietela azaltzen da. Horrez gainera, salatzaileetako batek aipatu du ibilgailua lapurtu diotela. Ertzaintzak ere hainbat salaketa jaso ditu; hala ere, oraindino ez dute zehaztu zenbat diren. Lapurreten nondik norakoak zehazteko ikerketa abian da orain.
Ez da lehenengo aldia Alango inguruko Babes Ofizialeko Etxebizitza horietan lapurretak jazotzen direnak. Getxoko udal-iturriek azaldu dutenez, 2020an zehar beste hainbat salaketa jarri dituzte Juan Bautista Uribarri kaleko 2-4-6 eta 8 zenbakiko auzokideek. Horrez gainera, 2019an ibilgailuetan lapurreta egiteagatik 5 salaketa jarri ziren eta beste bi trastelekuetan lapurtzeagatik.