Koronabirusa Uribe Kostan

2020ko aurrekontuetarako aurreikusitako 41,9 milioi euroetatik 8,1 milioi bildu ditu Udalak lehenengo seihilekoan

Iker Rincon Moreno 2020ko abu. 1a, 11:11

Aurreikuspenen arabera, egoera urteko bigarren seihilekoan berrorekatzea espero da. Dena den, Udalkutxa udalen finantzaketa-funtsaren ekarpenak ere % 20 egingo du behera; hau da, ia-ia aurrekontuaren % 10eko murrizketa ekarriko du. Aurten, 2020. urtean, zenbateko horren erdia gauzatuko da; beraz, aurreikusitakoa baino 5,1 milioi gutxiago jasoko dira

Udal-aurrekontuetarako aurreikusitako 41,9 milioi euroetatik 8,1 milioi bildu ditu Getxoko Udalak urteko lehenengo seihilekoan; hau da, % 19,41. Datu horren berri eman dute uztaileko osoko bilkuran, udalaren eta erakunde autonomoen urteko bigarren hiruhilekoaren aurrekontu-betearazpena jorratzeko orduan. "Ikusten dugu udala 2020. urterako aurreikusitako diru-bilketaren zatirik handiena urteko bigarren hiruhilekora bideratzezko ahalegina egiten ari dela oraindik ere, herritarrei zein jarduera ekonomikoari, ahal den neurrian, finantza-egoerari aurre egiten laguntzeko, arnasa hartu eta denbora izan dezaten. Izan ere, mundu osoan bizitzen ari garen pandemia eteteko konfinamenduak, orokorrean, ekonomia eraso du, kasu batzuetan gogor eraso ere", adierazi du Ignacio Uriarte Diruzaintzako zinegotziak.

“Zertara bideratzeko” edo gastuen atalean, egoera bestelakoa da. Diru-sarreren beherakadari aurre egin ahal izateko gastuaren erritmo arruntari neurri batean eutsi ahal izan bazaio ere, pandemiak eragindako aparteko beste gastu asko sortu dira. "Emandako baimenak 2020ko aurrekontuan behin betiko aurreikusitakoaren % 61,34 izan dira, hau da, Diruzaintzako gerakinetatik bideratutako aldaketak barne hartuta. Eta % 55,83 lortu dugu xedapenetan. Hortaz, aurrekontu-betearazpenak ekitaldiaren lehenengo erdian garbi gainditu du % 50 hori", esan du Uriartek.

Hain zuzen ere, kreditu gehigarrien eta transferentzien bitartez egindako hainbat aurrekontu-aldaketaren berri eman da, 2 milioi eurokoak. Horren bitartez, COVID-19aren ondorioen aurka borroka egiteko laguntza eman gura zaie gehien behar duten pertsonei eta familiei, bai eta jarduera ekonomikoari ere. Besteak beste, neurri hauek barne hartuko dira: norbera babesteko ekipamenduak eta askotariko materialak eskuratzea, Getxoko establezimenduak berriz irekitzea sustatzeko aparteko laguntzak eta etxerik gabeko pertsonentzako aterpetxearen instalazioak mantentzea.

Onartutako mozioak

Mozioen atalean, testigantza izaera duten lau proposamen onetsi ditu Udalbatzak. Lehenengoa, PPk proposatutakoa, "berehala eta premiaz, indarrean dagoen legeria betetzeko" Felipe VI erregearen irudia bilkuren aretoko lehentasuneko toki batean jartzea onartu da.

Onartutako bigarren mozioak, EH Bilduk aurkeztuta, Udalak Azkorrira hurbiltzen diren bisitarientzako kontzientziazio-kanpaina bat abian jartzeko eskatzen du, oinez, bizikletaz edo garraio publikoz joan daitezen, ibilgailu pribatuz bertaratu beharrean; GetxoBizi zerbitzua eremu horretara zabaltzeko, eta EuskoTreni eskatzea Bizkaibus Bilbao-Azkorri linearen maiztasuna handitzeko, besteak beste.

Elkarrekin Podemosek aurkeztutako mozio bat ere onartu da, Udalak Foru Aldundiaren eta Garraio Partzuergoaren esku jar ditzan gasolina-zerbitzua (Gasolino izenez ezagutzen dena) kudeatzen duen enpresagaz lankidetzan aritzeko eta zerbitzu hori Barik sisteman sartzeko baliabideak, bai eta garraio horren publizitatea egiteko eta hura sustatzeko bitartekoak ere, ibilgailu pribatuaren kalterako izan dadin. Mozio horri EH Bilduk emendakin transakzionala aurkeztu dio, Udalak geltokian bertan eta inguruko kaleetan gasolina-zerbitzuaren geltokiaren seinaleztapena hobetu eta areagotuko duela gehitzeko.

Azkenik, Elkarrekin Podemosek aurkeztutako azken mozioa onartu da 2020ko udal aurrekontuetan berdintasunaren arloko aurrekontua-partidak osorik mantentzeko, horietan inolako murrizketarik egin gabe, eta Bizkaiko Foru Aldundiagaz elkarrizketa bat izateko, esparruko laguntzei eragiten dieten murrizketak saihesteko.

Lanpostuaz jabetzea

Elkarrekin Podemoseko Carolina Uribe de la Espriella kideak zinegotzi kargua hartu du, talde horretako Ignacio Robles Fernández aurreko udalkidea ordezkatzeko, karguari uko egin baitio.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun