Biotz Alai abesbatzaren kontzertua 22:00etan izango da Ereaga aretoan eta, ohi denez, ahots baxuen talde ezagun horrek askotariko errepertorioa eskainiko du, Juanlu Díaz-Enparanzak zuzenduta. Oraindino badaude saio honetarako gonbidapenak, Algortako zein Romoko Kultur Etxeetan eskura daitezkeenak.
Jazz kontzertuari dagokionez, 20:00etan izango da Arrigunaga aretoan. Euskal jazz eszenako ahots erakargarri eta iradokitzaileenetako bat da Itxaso Gonzálezena. Azken garaietan, sonoritate jakin baten bila, gitarrak ahalbidetzen duen tinbre-ekarpenean sakondu arren, pianoarekiko harremana betidanik izan da bizi eta atsegingarria. Oraingo honetan bikotean jardungo da José Luis Canal piano-jotzaileagaz, beste proiektu batzuk partekatzen dituenagaz.
Esparru itxietako ikuskizunen osasun-araudira egokitzeko, kontzertuak izango diren aretoetan edukiera murriztu egin da eta maskararen erabilera derrigorrezkoa izango da. Halaber, antolatzaileek gomendatu dute denbora nahikoagaz gerturatzea ikuskizunera, publikoa mailakatuta sartu ahal izateko (aretoetako ateak 45 minutu lehenago irekiko dira), eta segurtasun-tartea zaintzeko.