Mediterraneotik Kantauri itsasoraino bidea egiten du lasterketak, eta Pirinioetako hainbat mendate ezagunetik igarotzen da. Non-stop proba bat da, hau da, txirrindulariak abiatzen diren momentutik erlojua ez da behin ere gelditzen, helmugara ailegatu arte. Horrenbestez, parte-hartzaile bakoitzak antolatu behar du estrategia, atsedenaldietarako, jateko eta lo egiteko noiz gelditu erabakitzeko.
Asistentziarik gabeko proba da Transpyrenees. Txirrindulariek aukera dute bidean aurkitzen dituzten hotel, kanpin edo antzekoetan lo egiteko, baina aldez aurretik erreserba egin barik. Normalean, vivac egiteko zakua eroaten dute, gauren batean lo egiteko lekurik topatzen ez badute erabili ahal izateko.