"Hizkuntz eskubideak aldarrikatzera irten ginen duela gutxi, euskaraz ganoraz eta naturaltasunez jarduteagatik eta, tamalez, adierazpen askatasuna aldarrikatzera gatoz oraingo honetan", dio Gu Ere Bai elkarteak elkarretaratzera deitzeko egindako deialdiak, Mikel San Jose eta Beñat Etxebarria Athleticeko jokalari ohiek euren agurra euskara hutsez emategatik jasan zituzten irainak ere gogora ekarrita.
Orain, Unai Etxebarria algortar futbolariari jazotakoagatik egingo dute mobilizazioa. Etxebarria Granadaren bigarren taldeko jokalaria izan da oraintsu arte. Klubeko lehen taldea, bere historian lehenengoz, Europa League jokatzeko sailkatu zen uztailean, Athletici irabazita hain zuzen (4-0). Horren osteko ospakizuneko argazkietan, "Altsasukoak aske!" dioen kamiseta daroala ageri da Etxebarria. Hori dela eta, espedientea ireki zion Granadak. Orain, berriz, geratzen zitzaion urtebeteko kontratua beteko ez duela jakin da, eten egin baitu klubak. "Logika eta legediaren gainetik", Gu Ere Bairen esanetan.
Granadako hainbat hedabidek, berriz, iradoki dute Etxebarriak hango taldean ez segitzeko arrazoiak kirolari lotutakoak direla. Jokalariak hori gezurtatu du, ordea, eta klubak ireki zion espedientearen ondorioz kaleratua izan dela adierazi du. Etxebarriak ez du bestelako adierazpenik egin gura izan.
Gu Ere Bai, deitutako agerraldia 13:00etan jasoko da, Algortako San Nikolas plazan.