Getxo Kirolak-ek ez du oraingoz kirol-ikastaroen programa eskainiko

Erredakzioa 2020ko ira. 9a, 11:30

Udal kirol-erakundea jarduerak eskaintzen hasiko da osasun-krisiak eragindako ondorioak arintzen doazen heinean, eta eskaintza hori pixkanaka-pixkanaka hazten joango da, ikastaro bakoitza zuzendutako adinekoen zaurgarritasuna kontuan hartuta eta eremu irekiak edo ondo aireztatutako instalazio estaliak erabiltzeari lehentasuna emanez.

Getxoko Kiroletako zinegotzia den Álvaro Gonzálezek azaldu duenez, “une zaila bizitzen ari gara, eta beste ezer baino lehen arduraz eta erantzukizunez jokatu behar dela uste dugu. Jakin badakigu udal kirol-ikastaroen bitartez urtero kalitatezko kirol-proposamena eskaintzen zaiela 5.000 lagun baino gehiagori, eta bereziki indartzen dituztela adinekoek, haurrek eta emakumeen zati handi batek jarduera fisikoaren gainean dituzten beharrak; beraz, ikastaroak programatzen eta eskaintza zabaltzen ahaleginduko gara baldintzek ahalbidetzen duten heinean. Jarduera fisikoa egitearen helburu nagusia da gu osasuntsu egotea, eta, testuinguru honetan lehentasuna osasunak duenez, ez du zentzurik geure burua arriskuan jartzeak taldeko jarduerak egitea, harik eta baldintzak hobeak izan arte”.

Ildo horretan, Getxo Kirolak-ek irekita du Fadurako kiroldegia, eta kirola banaka egiteko aukera ematen du. Era horretan, instalazioen zati handi bat irekita aurkitzen da abonatutako pertsonentzat, eta erakundearen webgunean aurrez erreserba eginda eta edukiera mugatuta erabil daitezke; tartean aurkitzen dira igerileku olinpikoa, tenis eta padeleko pistak, pilotalekuak, kanpoko kirol anitzeko kantxak, atletismoko pista eta belodromoa. Salbuespen gisa, fitness muskulazioko gimnasioa ere erabil daiteke; izan ere, han dauden aretoak handiagotu egin dira makinak tarte gehiagorekin jartzeko eta erabiltzaileen artean segurtasun-distantzia bermatzeko. Horrez gain, Gobelako kiroldegiko igerilekuak erabiltzaileentzat urrian irekitzea aurreikusten da.      

Kirol federatua eta eskola-kirola

Azken hasteotan kutsatzeek gora egin dutenez, Getxo Kirolak-ek, Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol zuzendaritzakaz koordinatuta, eskola-kiroleko jarduerak bertan behera utzi ditu abisu berria eman arte, eta kirol-klubakaz lanean ari da aurredenboraldiakaz has daitezen, kirol- eta osasun-agintariek emandako arauak errespetatuz. Koordinazio-lan horren barnean dira udal-instalazioetara sartzeko eta horiek erabiltzeko protokoloak, entrenamenduetara itzultzeak kutsatzeko arriskua ahal den neurrian gutxiagotu dezan.  

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun