Gaur, barikuan, Xató Havaneres taldeak zabalduko du jaialdia. Vilafranca del Penedèsen sortu zen 2000. urtean eta, egun, honako musikari hauek osatzen dute laukotea: Joan Parellada (tenorra), Josep Vila (akordeoia), Jordi González (baritonoa eta zuzendari musikala) eta Ramón Sol (baxua eta gitarra). Lau lagun horiek musika eta taberna-kantuarekiko grina handia partekatzen dute eta, bere ibilbidean, berezko estiloa garatu dute. Hala ere, ahots eta estilo bereizgarriak izan arren, tradizioko habaneraren iturriak ez dute baztertu. Bere errepertorioan, habanerez gain, balsak, baladak, boleroak eta sardanak ere bildu dituzte.
Zapatuan, irailaren 12an, Grup Boira taldearen txanda izango da. Lleidan sortu zen 1998. urtean, José Luis Ortega Monasterio babesle zutela. Hiru ahotsek osatzen dute taldea, gitarraz eta akordeoiaz lagunduta. Taldekideak musika-ingurune anitzekoak dira eta, horri esker, bere proposamena aberatsa da. Bere ibilbidean habanera cantada ospetsuenetan aritu dira, esaterako Callella de Palafrugell, Calafell eta Patja D’Arokoa, eta baita atzerrian, adibidez, Kuban.
Azkenik, domekan, hilaren 13an, bertoko talde bik amaiera ezin hobea emango diote jaialdiari. Zozoak abesbatza 1999 urtean sortu zen Areetan. Abesbatzaren helburu nagusia da musika irakastea eta jendartean zabaltzea, herrien eta kulturen arteko lotura izan dadin. 34 ahots misto ditu gaur egun, eta Bizkaiko Abesbatzen Elkarteko kidea da (BAE). Hizkuntza askotan kantatzen du eta bere errepertorio zabala musika klasikoa, euskal musika, musika garaikidea, herri-musika, habanerak, gabon-kantak eta musika sakratuak osatzen dute.
Arrigunaga abesbatza izena hartuta sortu zen Andrés Isasi abesbatza eta 2004. urtean egungo izenagaz abiatu zen udaleko musika eskolan. Bere errepertorioan askotariko lanak jorratzen dituzte. Bere proiektu nagusien artean nabarmendu behar da Fauréren Requiemaren interpretazioa, Gernikako Andra Mari abesbatzagaz elkarlanean.