Urtero legez, 25 taldek parte hartuko dute lehiaketan eta horiek 42 ordu izango dituzte film laburra grabatu eta ekoizteko. Barikuan, urriaren 23an, gaia aurkeztuko dute antolatzaileek eta parte-hartzaileen lanak gai horren ingurukoak izan beharko dira. Ondoren, domeka eguerdian lanak aurkezteko epea amaituko da.
Antolatzaileek azaldu dutenez, GetxoExpress lehiaketaren helburuetako bat da parte-hartzaile denei aukeren berdintasuna eskaintzea. Hala, denbora mugatuta, zinemazale horiek euren "argitasuna, sormena eta originaltasuna erakutsi beharko dute".
Egungo osasun-larrialdi egoera dela eta, aurtengo edizioak hainbat moldaketa izango ditu. Antolatzaileek azaldu dutenez modu presentzialean eta online bidez egingo dituzte saioak. Hala, oraindino zehazterik ez duten arren, ideia da gaiaren zozketa eta sarien banaketa modu presentzialean izatea, "betiere segurtasun-neurriak betez". Horrez gainera, gainontzeko dena streaming bidez egingo dutela iragarri dute.
Izena eman gura dutenek lehiaketaren webgunera jo beharko dute; daborduko 17 taldek eman dute izena.