"Getxoko artistak oso harrituta gaude, osasun-krisiaren testuinguruan, Udalak Algortako Torrene erakusketa-aretoa itxi eta udal administrazio-bulego batean bihurtu duelako, aldez aurretik abisatu gabe" adierazi zioten alkateari bidalitako gutunean, "ez dugu ulertzen zergatik hartu den erabaki hori kultura-eragileei inolako azalpenik eman gabe".
Artibistak kolektiboa kexatu egin da alkateak emandako erantzuna "laburra" eta "ez oso landua" izan zelako. Zehazki, erantzun horrek dio COVID-19ak eragindako egoeraren ondorioz Udalak herritarrentzako arreta-zerbitzua berrantolatu egin behar izan duela, eta berrantolaketa horren barruan Torreneko bulegoari lehentasuna ematea erabaki zela. Bestalde, Romoko Kultur Etxeko aretoa erakusketak egiteko egokitzat jo zeun Amaia Agirrek, eta erreferentzia bat aipatu zuen, egindakoen zerrenda bat ikusteko.
Artibistek, berriz, Kultur Etxeko aretoa Torrenekoa baino txikiagoa dela azpimarratu dute, eta erakusketak egiteko kondizioak onak ez direla berretsi dute.
Elkarretaratzea eguaztenean
Hori dela eta, protesta-ekitaldi bat antolatu dute datorren eguaztenerako, irailak 16. Torreneko aretoaren aurrean egingo dute, 12:30ean hasita, eta ekimenagaz bat egin duten hainbat musikariren kantaldia izango da ardatza. Horrez gain, eskualdeko beste artista batzuek ere (33k momentuz) Artibisten aldarrikapenarekiko atxikimendua adierazi dute.
Ekitaldira arropa beltzez edo magentaz joateko eskatu dute. Esan barik doa osasun-babeserako neurri denak beteko direla. Antolatzaileek eskatu dute joateko asmoa dutenek aldez aurretik ohartarazteko, urruntze sozialari dagokion aldetik ekitaldia ondo prestatu ahal izateko. Horretarako, mezu bat bidali beharko da ortells@ainhoaortells.com posta elektronikoko helbidera.