Bilboko Euskal Museoan aurkeztu dute gaur goizean datorren urtean ospatzekoa den lurreko modalitateko Sokatira Mundialaren Txapelketa. Hori Getxoko Fadura kirol parkean egingo da, 2021eko irailaren 15etik 19ra. Aurten egitekoa zen lehia, gaurtik hasita, hain zuzen ere. Hala ere, COVID-19aren pandemia dela eta, egitasmoa atzeratzea erabaki zuten martxoan antolatzaileek.
Lehiak kategoria ezberdinetan garatuko dira, modalitateen eta pisuen arabera, baita sexuen araberakoak; hala ere, mistoak diren sekzioak kontutan hartuko dira.
Antolatzaileek azaldu dutenez, Mundialaren lehia atal bitan egituratuko da: lehenengo egun bietan torneo bat egingo dute Tug of War International Federation-ari (TWIF) atxikitako eta 72 herrialdetatik etorriko diren klubetako kideen artean; azken egun bietan, aldiz, talde nazionalen araberako txapelketa egingo dute.
Sokatirako ospakizun hori urte bian behin egiten da eta aurreko edizioetako egoitzetako batzuk hurrengoak izan dira: Hegoafrikako Lurmutur Hiria, 2018an; Suediako Malmo, 2016an; edo AEBetako Madison, 2014an.
Basque Country talde nazionala
2014an TWIF erakundeak euskal talde nazionala eskubide osoko kide modura onartu zuen Federazioan eta, ordutik, nazioarteko txapelketetan parte har dezake, Basque Country izendapenagaz.
Urte horretako abuztuan talde nazional modura lehenengo aldiz lehiatu zen, AEBetako Wisconsinen ospatutako lurreko Sokatira Mundialean. 2018an, gainera, Lurmutur Hirian ospatutako azken Munduko Txapelketan Basque Country taldearen ordezkaritzak arrakasta bikaina lortu zuen, etxera zazpi domina ekarrita: hiru sari selekzio nazionalen araberako txapelketan; zilarra gizonezkoen kategoriako 560 kilotan, brontzea emakumezkoen kategoriako 500 kilotan eta zilarra Mundialean lehiatzen ziren proba guztien artean gogorrena eta lehiakorrena den gizonezkoen 720 kilotako azken jardunaldian. Eta beste lau taldeen araberako modalitatean, Goiherrirako bi dominakaz eta Gaztedirako beste bigaz: Goiherrik zilarra eskuratu zuen 560 kiloko kategorian; eta brontzea 640 kiloko gizonezkoen hitzorduan. Gaztedik, aldiz, zilarra jaso zuen emakumezkoen 540 kiloko kategorian; eta brontzea 560 kiloko proban, hain zuzen Goiherriren aurka.