Ascensión Badiola eta Mikel Ayllon dira “Ramiro Pinilla” eleberri laburren hirugarren edizioko irabazleak

Erredakzioa 2020ko ira. 21a, 09:51

“Ramiro Pinilla” lehiaketako irabazleak. © GETXOKO UDALA

Badiolak gaztelaniazko lanik onenaren saria eskuratu du, eta Ayllonek euskarazko testuen modalitatekoa. Horrez gainera, Arane Malaxetxebarria eta Julen Serrano getxoztar gazteek irabazi dute haurrentzako “Txiki Baskardo” kontakizunen lehiaketa, euskarazko eta gaztelaniazko modalitateetan, hurrenez hurren.

Ascensión Badiola Aristimuñoren (Bilbo, 1961) eleberria, La decisión de Juana Mir, Juana Mir kazetariaren bizitza ardatz duen kontakizuna da. Mirrek Gerra Zibilaren aurreko urteetan egin zuen lana aipatzeko modukoa da. Epaimahaiak azpimarratu du autoreak duen gaitasuna istorio erreal bat eleberrira ekartzeko eta, aldi berean, pertsonaiari ahots sinesgarri eta gertukoa emateko. Hala, modu oso grafikoan islatzen du garai oso konkretu bat. Horrez gainera, obraren tentsio narratiboa nabarmentzeko modukoa da, sentimentalismoan erori gabe istorio oso dramatikoa kontatzen du eta.

Badiola Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziaduna da, eta Historian doktorea. Bere ibilbide literarioa 2010. urtean abiatu zen, La ría de los afrancesados eleberriagaz (Txertoa, 2010). Horren ostean, beste bi idatzi zituen: La bala que mató al general (De Librum, 2011) eta Martina, guerrillera (Txertoa, 2013). Cárceles y campos de concentración en Bizkaia 1937-1940 (Txertoa, 2012) ikerketa liburuaren egilea ere bada. Iaz argitaratu zuen Individuas peligrosas. La Prisión Central de Mujeres de Amorebieta (1939-1947) (Txertoa, 2019).

Mikel Ayllon Corralek (Bilbo, 1980) irabazi du euskarazko obren saria, Hanka hautsiak eleberriagatik. Oso ongi karakterizatutako pertsonaia bat da protagonista, egoera latz batetik irtena, desagertzear dagoen familia eta bizilagun giro batean. Egoera latza eta esperpentikoa; izan ere, harreman estua dauka zirkuagaz. Epaimahaiak lanaren zentzu narratiboa baloratu du. Industria zaharraren gainbeheraren deskribapena bezalako elementuetan islatzen da, barrutik egina, ez ikuspegi historikoarekin, baizik eta pertsonaien bizipen mingotsen bitartez.

Ayllon itzultzailea da ogibidez, eta Ez tiro egin anbulantziei (Elkar, 2015) liburuaren egilea. Horrez gainera, Gerezi gorrien garaia (Txalaparta, 2005) liburuaren idazleetako bat ere bada. Gainera, Donostia Hiriko Kutxa Literatura Sarien 55. edizioa irabazi du berriki, Euskarazko Kontakizun Liburuen kategorian, Zoriontsuak izatea aukeratu genuen obrari esker.

Azkenik, Caro Baroja BHIko DBHko 1. mailako ikaslea den Arane Malaxetxebarria DUCE getxoztar gazteak irabazi du “Txiki Baskardo” lehiaketa euskarazko modalitatean. Oso ongi trazatutako pertsonaiez osatuta dagoen eta nobela beltzaren ukituak dituen kontakizuna aurkeztu zuen. Bestalde, Julen Serrano Arrietak gauza bera egin du gaztelaniazko modalitatean. Bere testuagaz erakutsi du ezagutzen duela Pinillaren unibertsoa, eta azpimarratzekoa da abentura berritzailea sortzeko pertsonaiak oso ondo maneiatu dituela.

Hirugarren edizioa

“Ramiro Pinilla” lehiaketaren hirugarren ediziora 141 lan aurkeztu dira, horietako 132 gaztelaniaz. Parte-hartzaileetako 28 Euskal Autonomia Erkidegokoak eta Nafarroakoak dira, eta gainontzekoak estatuko ia lurralde guztietakoak. Lehiaketako epaimahaia Arantxa Urretabizkaiak, Txani Rodríguezek eta Juan Kruz Igerabidek osatu dute. “Ramiro Pinilla” lehiaketako sariak 6.000 eurokoak dira, eta 1.000 euroko laguntza emango da lanak argitaratzeko. Haurrentzako “Txiki Baskardo” lehiaketan Caro Baroja BHI eta Santísima Trinidad ikastetxeetako DBHko 1. mailako ikasleek parte hartu dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun