Formatu berrasmatuagaz bueltatuko da Serifalaris diseinuaren jaialdia

Iker Rincon Moreno 2020ko ira. 21a, 11:10
Artxiboko irudia.

Irailaren 25etik urriaren 3ra bitartean egingo dute Getxon Serifalaris jaialdiaren IX. edizioa. Aurten, koronabirusa dela eta, hainbat aldaketa izango ditu egitasmoak; besteak beste, ponentziak Autocine Getxon izango dira eta masterclass-ak Azkorri Beach Housen, antolatzaileek iragarri dutenez.

Irailaren 25etik urriaren 3ra "Serifalaris" jaialdiaren IX. edizioa egingo da Getxon, espainiar Estatuan diseinuaren eta sormenaren arloko profesionalentzat erreferentea den jaialdietako bat. Antolatzaileek adierazi dutenez, "aurten koronabirusaren krisiak ezarritako mugak diseinu jaialdi bat inoiz ikusi ez den formatuan antolatzeko aukera bihurtu dugu. Horrela, Serifalarisen IX.ak sormenaren, asmamenaren eta esklusibotasunaren aldeko apustua egingo du, Autocine Getxo (ponentziak) eta Azkorri beach house (Masterclass) bilguneetan.”

Egitaraua

Barikuan, irailaren 25ean, 18:00etatik aurrera, sektoreko lehen mailako profesionalen berbaldiak hartuko ditu Getxo Autocineak hala nola Oscar Mariné (Diseinu Sari Nazionala), Coco Dávez (Forbes 30 Under 30 zerrendan dagoen artista), Oscar Guayabero (komisarioa, editorea eta ikertzailea) eta Vasava (Nike edo Adobe bezalako marka handientzat lan egiten duen diseinu estrategikoko agentzia). Sarrerak 50 euroko prezioa izango du auto bakoitzeko, edo 25 eurokoa oinezko bakoitzeko (autozinearen terrazan).

“Bertaratutakoek parte hartu ahal izango dute, beren autotik, hizlariak 27 metroko pantaila batean ikusiz eta irratiaren bidez entzunez; hau da, distantziei eutsiz eta araudi guztiak betez, baina, aldi berean, esperientzia ludikoaz eta zero kilometroaz gozatuz", adierazi du Peio Atxalandabaso antolatzaileetako batek.

Urriaren 1, 2 eta 3an Azkorri beach housen (Goienetxe estarta 17) masterclasseak egingo dira, estatu mailan branding eta marka-estrategian erreferentzia den Folch estudioaren eskutik. Gehienezko 15 laguneko talde txiki batentzako topaketa izango da eta sarrerak agortu dira daborduko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun