Folka izango da nagusi aste-akabuan Muxikebarri Antzokian

Erredakzioa 2020ko ira. 22a, 15:39

Celtas Cortos talde mitikoa arituko da zapatuan Muxikebarri Antzokian. © GETXOKO UDALA

Barikuan emango diote hasiera Getxo Folk jaialdiaren 36. edizioari Muxikebarri Antzokian. Aurten, Luar Na Lubre, Celtas Cortos eta Oreka TX taldeak izango dira programaren protagonistak. Oraingoan, osasun-neurriak direla eta, ekitaldiak formatu txikian izango dira.

Luar Na Lubre talde galiziarrak emango dio hasiera jaialdiari barikuan, hilaren 25ean, 20:00etan. Hamarkadaren lehenengo Done Jakueren urtea ate joka dagoela, eta 30 urteko ibilbidea egin ondoren, Vieiras e Vieiros. Historias de Peregrinos bere azken lana ekarriko dute Getxora. Joan den martxoan aurkeztuta, diskoaren helburua da Ibilbideko 150 kilometroen soinuak jasotzea, Ibilbideak bere doinu banda propioa baitu. Behin ere, taldeak tradiziozko eta sustraiko musikako berrikusketa gozo eta bereizgarria lortu du.

Biharamunean, zapatuan, Celtas Cortos (21:30) banda ezaguna arituko da Getxo Folken. Oraingoan, taldearen 30 urteko ibilbidea jasotzen dituen Solo recuerdo lo bueno. De lo malo nada bilduma-lana ekarriko digu. Folk modernokoak diren erreferente horiek euren kantarik ospetsuenak birpasatuko dituzte Valladolideko musikariek.

Ordainezko eskaintza borobiltzeko, azken egunean, domekan, Oreka TX taldeak (19:00) bere azken proiektua aurkeztuko du Getxon: Koklea. Harkaitz Martínez de San Vicente eta Mikel Ugarte buru dituen boskoteak azken urteetan egin duen ibilbide musikalaren emaitza islatu du disko berrian, berezko estiloan sakonduz eta lengoaia garaikidean soinu tresna organiko eta naturalak erabiliz. Getxoko publikoak, aurkezpen bereziaz gozatzeko aukera izango du kontzertuan lehen mailako zenbait kolaboratzailek ere parte hartuko dute eta: Aziza Brahim, Mónica de Nut, Thierry Biscary eta Xabier Zeberio.

Sarrerak

  • Irailak 25, barikua. Luar Na Lubre: 12 euro.
  • Irailak 26, zapatua. Celtas Cortos: 18 euro.
  • Irailak 27, domeka. Oreka TX: 15 euro.

Saltokiak

  • Kutxabanken orotarako kutxazainak
  • https://tickets.kutxabank.es.
  • Algortako Villamonte kultur etxea (Villamonte, A-8 / 944 914 080).
  • Romo Kultur Etxea (Santa Eugenia, 1 / 944 660 022).

Doako saioak

Aurtengo musika-proposamenean doako bi saio ere izango dira; biak Muxikebarriko Arrigunaga aretoan. Irailaren 25ean, barikuan, Brincadeira perkusio-konpainia katalanak fusio ikuskizuna egingo du 18:00etan, eta horretan musika eta mugimendua uztartuko dituzte. Domekan, hilaren 27an, euskal folklorea erakusteko musika, dantza eta umorez uztartzen dituen Transfolk ikuskizuna izango da ikusgai eguerdiko 12:00etan.

Brincadeiraren saioa ikusteko gonbidapenak daborduko agortu dira baina oraindino badago beste ikuskizunaz gozatzeko aukera Algorta eta Romoko kultur etxeetan gonbidapenak aurretik jasota.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun