Getxo Kirolakek 75 langileren lanpostuak "arriskuan" jarri dituela salatu du EH Bilduk

Erredakzioa 2020ko ira. 28a, 14:47

Arte martzialen ikastaroa, artxiboko irudian.

Getxo Kirolak erakundeak kirol-ikastaroen eskaintza murriztu, zerbitzu horren kostuak jaitsi eta, ondorioz, 75 pertsonaren lanpostuak "arriskuan" jarri dituela salatu du EH Bildu udal-taldeak. Era berean, deitoratu du behargin horien lan-eskubideetan eragina izan dezakeela neurri horrek, hala nola antzinatasuna galtzea.

Koalizio abertzaleak jakinarazi duenez, Getxo Kirolakek bertan behera utzi du kirol-ikastaroen eskaintza, "gaur egun bizi dugun osasun-egoeran oinarrituta". Hala ere, EH Bilduk gogoratu du inguruko udalerrietan eskaintza bermatu dela, hala nola Sopelan, Leioan, Santurtzin eta Bilbon. Horrez gainera, ikastarook eskaintzen dituzten enpresak kontratatzeko lehiaketetarako deialdirik egin ez dela deitoratu du udal-talde subiranistak. Ondorioz, 75 kirol-begiralek lana galtzeko aukera izan dezaketela azpimarratu du EH Bilduk, "eta litekeena da eragiten dieten lan-eskubideak galtzea, hala nola antzinatasuna edo subrogazio-eskubidea. Izan ere, Getxo Kirolakeko Kontseilu Errektorean, irailaren 21ean, EAJk eta PSEk igeriketa ikastaroei eusten zien kontratua behin betiko etetea erabaki zuten. Bozketa horretan PP abstenitu egin zen eta EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek bakarrik erakutsi zuten langileekiko konpromisoa".

Osasun-egoerak baldintzatuta

EH Bilduk azaldu duenaren arabera, Getxo Kirolakeko presidenteak adierazi du osasun-egoera aldatzen bada ikastaroak eskaintzeko modua bilatzeko asmoa dagoela. Hala ere, baieztapen horrek 75 kirol-monitoreen egoerarekiko erabateko mespretxua ezkutatu egiten duela salatu du koalizio abertzaleak; "izan ere, kontratatzeko moduak eta presako balizko kontratu horren formatuak eragin nabarmena izango du haien lan-eskubideetan, hala nola antzinatasunean, subrogazio-eskubidean eta soldatetan. Horrela, zerbitzu horien kontratazioan kontrol eta gardentasun txikiagoa ahalbidetuko litzateke".

Koalizio subiranistak argi utzi gura izan du gaur egungo egoerak ez duela aukerarik ematen ikastaroak aurreko urteetako baldintzetan eskaintzeko eta leku gutxiago eskaini behar direla. Hala ere, azpimarratu du Getxo Kirolakek badituela instalazioak eta profesionalak ikastaroen eskaintza osasun-egoerara egokitu dezaketenak. "Ez dago kirol-ikastaro guztiak bertan behera uzteko justifikaziorik".

EH Bilduren ustetan, zerbitzu-murrizketa bat eta kirol-ikastaroen kostuak merkatzeko eragiketa bat gertatzen ari da, "etorkizunean Getxo Kirolak kirol-ikastaroetara itzuli ahal izateko baldintzak sortuz, aurreko soldatak errespetatzeko betebeharrik izan gabe, eta enpresa lizitatzaileak langileak subrogatzeko betebeharretik askatuz".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun