Programaren bigarren fasea Regina Zabalaren eskutik hasiko da domekan, urriaren 4an, 7 eta 10 urte bitarteko haurrentzako tailer baten bitartez. Andra Mariko Zirri Marra Arte Tailerrean izango da hori eta, bertan, umeek ilustrazioaren mundua ezagutzeko aukera izango dute ipuin, komiki eta animazioak ikusten. Horretan parte hartzeko plaza guztiak daborduko beteta daude.
Urriaren 16rako Itzubaltzeta/Romon duen tailerrera bisita egitea proposatu du Pablo Zabala artistak, publikoari bere pinturak era gertuan erakusteko asmoz. Ekitaldia 18:00etan izango da, Romo Kultur Etxeko sarreran. Pablo Astrainek ere bere tailerra erakutsiko du urriaren 22an eta, horrezaz gain, Error de sistema bere azken erakusketari buruz hitz egingo die bisitariei. Bisita 18:30ean izango da eta, topagunea, Zirri Marra Arte Tailerrean (Anboto, 2 – Andra Mari). Bisita bakoitzeko, gehienez 10 pertsonek parte har dezakete.
Urriaren 27an Eztizen La Cruzek topaketa bat eskainiko du bere sormen-prozesuak eta tailerrean erabiltzen duen lan-metodologia azaltzeko. Gainera, etxeko eremuez eta ingurune berri gisa duten garrantziaz mintzatuko da. Topaketa Algortako Villamonteko kultur etxean izango da, 19:00etatik 20:00etara. Azkenik, urriko programa urriaren 30ean amaituko da, Maitane Sarralderen eskutik. Artista horrek diziplina-anitzeko proposamena egingo du komunikazio-kanal desberdinak esploratzeko, oroimenaz baliatuta. Ekitaldi hori 50 urtetik gorako pertsonentzat zuzenduta dago.
Azaroko proposamenak hilaren 8an abiatuko ditu Natalia Murok mugimenduaren adierazpena lantzeko antolatu duen dantza-tailerraren bitartez. 11:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 17:00etara izango da Romo Kultur Etxean, 13 urtetik gorako lagunentzat. Horretan parte hartzeko ez da beharrezkoa dantza- ezagutzarik izatea.
Azaroaren 17an, Helena Goñik bere lan-prozesuak, argazkigintzan zein beste arlo batzuetan, partekatuko ditu Romo Kultur Etxean izango den topaketan. Ekitaldia 18:00etatik 19:30era izango da eta 14 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago. Azkenik, Izaro Ieregik Encontrarás la manera bere azken proiektuaren sormen-prozesuak abian jarriko ditu azaroaren 27an, Romo Kultur Etxean ere, 16:00etatik 19:00etara Arte- Batxilergoko ikasleentzat.