Getxoko 38. Arte Eszenikoen Jardunaldiak abiatuko dira bihar

Erredakzioa 2020ko urr. 8a, 09:00
"De Gernika a Nueva York, pasando por Berlín" antzezlanaren irudietako bat. © GETXOKO UDALA

Antzerki Jardunaldi ohiek izena aldatu dute aurten eta beste eszena-modalitateak hartuko dituzte, hala nola dantza, zirku-antzerkia eta diziplina-anitzeko ikuskizunak. Hala, urriaren 25era arte, jardunaldiek 15 lan ekarriko dituzte Muxikebarri Antzokira ohiko zutabeak mantenduta: euskal ekoizpenen aldeko apustua, askotariko programazioa, adin guztietarako eskaintza eta ordainpeko zein doako ikuskizunak.

Zikloa datozen hiru aste-akabuetara zabalduko da eta, lehenengoan, eskaintza bizia izango dute Jardunaldiek. Urriaren 9an Denis Santacana dantza-taldeak zabalduko du egitaraua, 20:00etan, Sharing Home proiektuagaz. Koreografia-, testu- eta bideo-sortzearen bide-erdian dago lana eta hiru diziplina horiek eskaintzen dituzten aukera dramatikoetan sakondu egin du, transmititu gura diren ideia eta mezuen sare fina ehundu ahal izateko.

Familiak eta haurrak izango dira protagonista zapatuko eskaintzan. 13:00etan Indartsuak zirku-antzerki ikuskizuna hasiko da, Circo Choscoren testurik gabeko lana, hain zuzen ere. Horretan, umorez, akrobaziez eta zentzugabeko gag-ez baliatuta, protagonista-bikote xelebreak dibertituko dute publikoa. Arratsaldean, 18:00etan, Anita Maravillas konpainiak lekukoa hartuko du Cottondarrak txotxongilo-lanagaz. Horretan, familia baten istorioa kontatuko dute: jaioterria utzi eta hirira bizitzera joango dira bizitza berri baten bila. Bertan, lantegi misteriotsu batek garrantzi handia hartuko du.

Domekan, hilaren 11n, Mugmus Laborategiak Esku harriak: Oteizaren (H)aria lana antzeztuko du 13:00etan. Ikuskizun horretan dantza, musika, eskultura, bertsolaritza eta beste diziplina artistiko batzuk uztartu dituzte Jorge Oteiza polifazetikoaren unibertsoaren berrirakurketa egiteko. Arratsaldean, 19:00etan, eskarmentu handiko Markeliñe antzerki taldeak Julietas, Romero Circo lana aurkeztuko du. Ikuskizun fisiko honek keinuak eta gorputz-lengoaia erabiltzen ditu Shakespeareren klasikoa antzerkira eramateko.

Urriaren 12an, astelehenean, haurrek Kiki, Koko eta Moko pailazo-hirukotearen “Natura gara” ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute 13:00etan. Gure planetaren suntsiketa dela eta haserre dauden iratxo talde baten istorioa ekarriko dute Muxikebarrira pailazoek eta, horretarako, dantzak, umorea, abestia eta zuzeneko musika erabiliko dituzte familientzako euskarazko lan honetan.

Lehendakari Agirreren bidaia

Lehenengo asteburuaren eskaintza urriaren 12an ere amaituko da Baleuko Produccionesen De Gernika a Nueva York, pasando por Berlín antzezlanaren eskutik. Jose Antonio Agirrek berak idatzitako izen bereko egunkaria. Horretan erbesteratu eta denbora gutxira Europa okupatuan zehar egindako bidaia epikoa kontatzen du. Etengabeko hausnarketarako bidaia zirraragarria da eta, horretan New Yorkera iritsi arte izan zituen bizipen esanguratsuenak antzeztuko dira.

Antzezkizunaren ordutegia azken orduan aldatu da eta, nahiz eta 19:00etarako programatuta egon, azkenean 20:30ean izango da. Jardunaldien ikuskizunetarako sarrerak salgai daude Kutxabanken sarean, Muxikebarrin eta Romo Kultur Etxean eta doako ikuskizunetarako gonbidapenak azken bi leku horietan bakarrik jaso daitezke. “Indartsuak” eta “Natura gara” lanen gonbidapenak dagoeneko agortu dira.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun