Koronabirusa Uribe Kostan

Urte erdi igaro ostean, berdegunera berriro

Unai Brea 2020ko urr. 13a, 08:00

Eskola-kirola ere egoera berri eta oso bestelako honetarako egokitzen dabil buru-belarri. Martxotik ia guztiz geldirik egon eta gero, denboraldi berrirako aurreikuspenen berri eman digu Getxo Futbola eskolak.

Apurka-apurka, eta moldaketa handiak ezarrita bada ere, udaberrian jasandako erabateko etena gainditu eta jarduerari berriz ekingo dio eskola-kirolak, milioiak mugitzen dituen kirol profesionalaren premia barik baina gorputza berrio lanean ipintzeko gogo berdinagaz, handiagoaz ez bada. Hain zuzen ere, eskola-arloko futbolean diharduen Asier Garcia entrenatzaileak (Algorta, 1988) eman digu egindako egokitzapenen berri. Izan ere, oraindik orain hasi den denboraldian ez du umerik entrenatuko, talde denen koordinatzailea izango baita, eta nahikoa lan.

Getxo Futbola Fundazioaren futbol-eskolan dabil Garcia. Udalerriko bost taldetako umeak hartzen dituzte euren zaintzapean, federatutako kirolean hasten diren arte. Galea, Getxo, Iturgitxi, Neguri eta Bizkerre; klub horiexetakoak dira fundazioak koordinatzen dituen eskola-kiroleko futbol-taldeak. "Astelehenetik larunbatera, 362 ume dira, 25 talde, 50 entrenatzaile", dio algortarrak. Domeketan, berriz, multikiroletan dabiltzan beste 140 ume.

"Beharrezkoa da umeak kirolean hastea"

Urriaren 5ean ekin zioten ostera ere entrenatzeari. Martxoan koronabirusaren zela eta konfinamendua ezarri zenetik, inongo jarduera fisikorik (antolatua, behintzat) egiteko ez dute izan Getxo Futbola koordinatzen dituen umeek, uztailean Faduran egindako campusean parte hartu zuten 100 inguruk izan ezik. Eskola-kirola bueltatzea guztiz premiazkoa zen, Asier Garciaren iritziz: "Ikusten ari gara geldi egoteagatik, konfinamenduagatik, eta abar, ume askok arazok izango dituztela, psikologikoak ere bai. Umeek mugitzeko eta kirola egiteko beharra dute". 

"Ikusten ari gara geldi egoteagatik ume askok arazoak izango dituztela, psikologikoak ere bai. Umeek mugitzeko eta kirola egiteko beharra dute"

Izan ere, uztailean campusa antolatu zutenean, entrenatzaileak ohartu ziren zer-zelako aldaketa izan zuten martxotik ariketa fisikoa egin barik zeuden umeek. "Egun osoa geldi, makina baten aurrean, eta berdintsu jaten... bada, pentsa", dio Garciak. Askoren pisua handitu dela nabarmena da, haren esanetan. Poztekoa da behintzat kirola egiteko zaletasuna ez dela galdu. Uztaileko campusean 100 umek baino ezin izan zuten parte hartu, COVID-19aren aurkako protokoloak hala agintzen zuelako, baina kanpoan geratu behar izan zutenen dozenaka eskari gehiago izan zituzten antolatzaileek.

Bestelako futbola asmatzen

Protokolo zorrotzak izango dituzte eskola-kirolaren bueltan, eta gaitz erdi, horien zelanbaiteko "entrenamendua" uztailean egin zutela dio algortarrak. Besteak beste, ume denei banan-banan tenperatura hartu beharko die berak, osasun-segurtasunaren arduradun izendatu baitute. Era berean, gurasoren batek igarriz gero umeak sintomak dituela, Garciari deitu beharko dio. "Ondoren nik Osakidetzari eman beharko diot horren berri, eta haiek esandakoa bete". Taldeak elkarregaz ez nahasteko, Fadurako aparkalekua margotu dute. "Martitzenetan 120 ume etorriko dira, ea zer moduz antolatzen garen". Entrenatu bai, baina aste-akabuetako partidurik ez dute jokatuko erakundeek baimena eman arte. "Federatutako kirolean kontuak nola doazen ikusiko dute lehenengo, eta horren arabera...", azaldu du. Bitartean, entrenamenduetan jokalariek ahalik eta gutxien elkar ukitzeko modua bilatu beharko dute. Kornerrik ez dute aterako, esate baterako. Garai arraroak dira, inondik ere. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun