Linz-Ottensheimen jokatu zen 2019ko Munduko Txapelketan Tokioko Jokoetan parte hartzeko txartela lortuta, Diazek eta Cidek covid-19ak baldintzatutako denboraldi berezi bateko lehen hitzordu garrantzitsuari aurre egin behar diote, titulua berresteko helburuagaz. Iaz lortu zuten lehen urrea estatu mailan arraunketa olinpikoko Europako Txapelketa absolutu batean, baina, zoritxarrez, aurten ezin izan dute domina preziatuena poltsikoratu. Hori bai, bigarren postu laudagarrian bukatu dute, Errumaniaren atzetik eta Greziaren aurretik.
Errumaniako ontziak gogor hasi zuen finala atzo, domekan, bere erritmoa inposatuz eta hasieratik tiraka jarriz. Horrela, Errumaniak 500 metroko lerroa gainditu zuen lehen postuan, Grezia 2.13ra eta Diaz y Ciden ontzia 2.60ra iritsita. 1.000 metrora heltzean, posizioak berdinak ziren, baina errumaniarrek aldea handitu zuten, 3.33ra greziarrekiko eta 4.24ra Virginiaren eta Ainaren ontziarekiko. 1.500 metrotik pasatzeak ez zuen egoera aldatu, baina une horretatik aurrera Diaz eta Cid euren lehiakideekiko aldea murrizten hasi ziren, eta Grezia gainditu eta bigarren jartzea lortu zuten.
Iaz Lucernako finalean ikusitako azken txanpagaz egiten zuten amets. Iaz Diazek eta Cidek azken metroetan hegaz egin eta garaipena lortu zuten, baina atzo, azken ahalegina egin arren, ezinezkoa izan zen azken 500 metroetan oso indartsu agertu zen ontzi errumaniarra harrapatzea. Errumaniak garaipena lortu zuen 07:17.190eko denboragaz eta Espainia (07: 18.820) eta Grezia (07: 20.240) atzetik helmugaratu ziren.