Getxoko Udaltzaingoak gidari bat atxilotu zuen joan den zapatuan, hilaren 10ean, goizaldean, Algortan, alkoholaren tasa boskoizteagatik. Herritarren Segurtasunerako arloari atxikitako agenteek, Amezti kalean eta Algorta etorbidean zeudela, kontrako noranzkoan Algorta etorbidetik zetorren ibilgailu batek Amezti kalean aparkatutako ziklomotor baten kontra jo zutela ikusi zuten, iturriek azaldu dutenez. Istripua izandako tokitik alde egiteko gidariaren ahaleginaren ondoren, agenteek ibilgailua geldiarazi zuten.
Gidaria identifikatu egin zuten eta alkoholaren eraginpean zegoelakoan, bide-segurtasunaren aurkako ustezko delitu batengatik atxilotu zuten. Poliziaren bulegoetan beharrezko proba etilometrikoak egin zitzaizkion, eta lehenengo proban 1,17 mg/l eta bigarrenean 1,11 mg/l eman zituen. Horrez gainera, udaltzainek jakin zuten pertsona hori atxilotzeko lau agindu emanak zituztela Malagako eta Bartzelonako epaitegiek; beraz, epailearen esku jarri zen.
Segurtasun jarduera COVID-19agatik
Bestalde, urriaren 12ko jai-eguna zela eta, Getxoko Udaltzaingoak segurtasun lanak egin zituen segurtasun-neurriak betearazteko. Algortako eta Itzubaltzeta/Romoko aisialdi-guneetan, haurrentzako parkeetan, jolasguneetan eta kostaldeetan hainbat ekintza egin ziren oinez.
Udaltzaingoko Herritarren Segurtasunerako Alorrak nabarmendu du horren helburua dela prebenitzea, informatzea eta agintari eskudunek ezarritako osasun neurriak betetzen direla bermatzea. “Ezin dugu beste aldera begiratu, pertsona batzuk Covid-19aren kontura hiltzen ari direnean; beste batzuk oso gaizki pasatzen ari dira ABEEE (Aldi Baterako Enplegu-Erregulazioko Espedientea) desberdinetara joateagatik, edo langabezian daude, beraien enpresa itxi egin delako. Zero tolerantzia arduragabea den jendearekiko”, gaineratu dute.