Hasi eta hazten jarraitu

Kiroldegietara bueltatzea beharrezkoa dugu

Nerea Garcia 2020ko urr. 14a, 10:48
Padel egokitua, artxiboko irudian.

Ez da kontu erraza izaten ari denboraldi berria abian jartzea kirol elkarteontzat; are gehiago egokitzapen berezien beharra dituzten kirolarientzat. Kasuotan, are gogorragoa izaten ari da, Haszten elkartearen kasuan bezalaxe. Hala, pilak topera kargatuz eta jarrera positiboz jantzita ekin behar izango diogu abenturari, elkarlan ikaragarria eginda. 

Kirol egokitua egiten dutenentzat praktika erregularra aurrera eramatea ez da inoiz joko erraz bat izan; orain, gainera, osasun-egoera kaltegarri honek sortutako arazoak gehitu behar dizkiogu. Gure kirolariek bizi izandako itxaronaldi luzeak, ariketa fisikoa eta kirola praktikatzeko beharra oraindik ere intentsitate handiagoarekin hautematea eragin digu. Horregatik, ezin ditugu ahaztu kirolak sortzen dituen efektu positiboak; onura fisiko, psikologiko eta sozialak, hain zuzen ere. Hori dela eta, erabiltzaileei horrenbeste gustatzen zaizkien jarduera fisikozko errutinak berreskuratzeari funtsezkoa deritzogu. Izan ere, Hasztenen praktika kirola baino gehiago dela esaten dugu sozializazioak betetzen duen paper garrantzitsuarengatik. Baina faktore hori arrakastarekin landu ahal izateko, kontuan hartu behar dugu ariketa fisikoak sortzen dituen onura fisiko eta psikologikoek ere modu zuzenean eragiten dutela. Izan ere, mugimenduari esker, endorfinen jarioa, loaren kalitatearen hobekuntza eta patologia kardiobaskularrak pairatzeko arrisku-faktoreen murrizketa sumatzen da, ongizate eta plazer sentsazioak eskainiz. Ariketa fisikoak gure neuronen arteko konexio gehiago eta hobeagoak sortzeko ahalmena lortzen du; hortaz, garunaren gaitasun eta errendimendua hobetzen dela ikusi da. Azkenik, ziklo honen azken geltokian sozializazioa dago, gure esku-hartzearen motibaziorik handiena, kirola baino gehiago izatea, alegia. Baina, zergatik?

Egia da gizarte jakin batean bizi direnek izaerari dagozkien ezaugarri asko dituztela komunean, bizitzan zehar izandako inguruek izandako eraginagatik. Baina, interesgarriena da guztiok desberdintzen garela zeozertan, gustu, bizi-estilo edo eraikitzen ditugun harreman-mota desberdinen arabera. Argi dago desberdinak garela, baina zein neurri eta aspektutan? Hemendik dator, hain zuzen ere, «aniztasun funtzionala» adiera. «Desgaitu» eta «desgaitasuna duen pertsona» esatetik, «aniztasun funtzionala duen pertsona» esatera igaro gara. Hortaz, ondoriozta genezake denok dugula aniztasun funtzionala, bakoitzak gaitasun garatuagoak dituelako gauza batzuetarako, eta beste batzuetarako, aldiz, ez horrenbeste. Batzuek logika matematikoaren adimena duten bitartean, beste batzuek adimen linguistikoa, musikala, soziala, motorra edo abarreko adimen mota, maila handiago edo txikiago batean, garatuago izango dute.

Kirola egitea eta aurrez aurre elkarrekin egotea beharrezkoa da aniztasun funtzionala duten pertsonen bizi kalitatea hobetzeko. Ariketa fisikoa oso erreminta indartsua eta eraginkorra da bidezkoagoa den gizarte bat eraikitzeko.

Orduan, zer gertatzen da zeozer ikasteko zailtasunak ditugunean? Laguntza eskatzen dugula, eta laguntza hori materiala izan daiteke, baina beste batzuetan lagundu dezaketen bakarrak pertsonak dira. Kirol egokituaren kasuan askotan gertatzen da hori; erabiltzaile askok ez dute autonomia nahikorik haien lagunekin harremanak izateko, eta batzuetan ez daukate ezta lagunak egiteko aukerarik ere. Batzuek oraindik ikasi beharra dute esan nahi dutena adierazten, edo besteak ulertzen. Monitore eta irakasleok, berriz, irakatsi ahal izateko ikastea beharrezkoa dugu ikasleengandik, dudarik gabe, gure garapen integralerako ere haiek gu bezain garrantzitsuak baitira.

Industria teknologikoak eman dizkigun erremintak paregabeak dira behar dugun sozializazioa eskuratzeko, baina gure funtsezko zeregina lortzeko beharrezkoa dugu mugimendua, ezinbestekoa dugu momentuko feedbacka eta izugarri dugu faltan elkarrekin jolastea. Hortaz, garbi ikusten da nola elkarteko praktikan aurrera eramaten diren jolasak, egokitzapenak eta praktika gidatuak egitea ezinbestekoa dela, eta horiek errutinan sartu behar direla, osasun-egoera berriak utzi dizkigun errutina berriekin batera. Interneten bidezko baliabideekin ahalegin handiak egin badira ere, erabakigarria da kiroldegietara bueltatzea gure hasierako hiru helburuak lortzeko: ongizate fisikoa, psikologikoa eta batez ere soziala.

Ezohiko egoera honek hobetzen lagundu gaituela esan beharra dago, bai lantalde eta kalitaterako, baita proposamen, egokitzapen, proiektu, espazio eta modalitate berriak eskaintzeko ere. Bueltan gaude, ez delako berdina pantailaren bitartez edo pertsonalki elkarrekin egotea, bueltan, inoiz baino animatuago eta ikasteko gogo ikaragarriekin. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun