Proposamena udal talde politikoakaz partekatuko dira aste honetatik aurrera, elkarrizketa erronda bat zabalduz, beren iritziak era iradokizunak biltzeko, ondoren hori 2021ean zehar abian jarri ahal izateko adostasun handienak lortze aldera. Proposamena merkatariakaz ere partekatzeko asmoa dagoela iragarri dute udal-arduradunek. Errondaren ondorioek azkenean ezarriko den proposamena ekarri beharko dute; webgunean eta hainbat lekutan jarriko da ikusgai, herritarrek kontsulta dezaten, eta behar bezala jakinaraziko da.
Berritasun nagusiak
Berritasun nagusiak honako hauek dira: araututako aparkaleku-eremua Santa Ana osora zabaltzea, ia Itzubaltzeta/Romo osoan ezartzea, Zugatzarten 40 partzela handitzea, eta Algortan, Telletxetik barrena handitzea Piñaga kaleraino, hori ere barne; Maria Goiri kaleko zati bat; Euskalherria kalea Foruen biribilgunearen eta Alangobarri kalearen artean; Juan Bautista Uribarri kalea, Santiena kalea, Alangobarri kalea eta Alango kalea, Foru eta Eretza artean. Basagoiti etorbidean ere, Torrene edo Orobiogaz bat egiten duen lekuan, Tellagorri plazan eta San Nikolasen.
Halaber, espres eremuak (merkatarien eskaria) bi eremutan ezartzea proposatu da: Algortako Telletxeko zabalgunean eta Areetako Las Mercedes kalean. Era berean, udaletxearen atzeko udal-orubean aparkatzea goizeko ordutegian arautzea proposatzen da, Epaitegiei, San Ignazio herri ikastetxeari, Ogasun Bulegoari eta Ertzaintzaren ertzain-etxeari zerbitzua emateko.
Azkenik, Ereagako hondartzaren inguruan aparkatzeko zerbitzu arautua ezartzea ere planteatzen da, soilik udan, ekainetik irailera.
2019an TAOk 1.414 plaza arautu zituen (1.029 Areetan eta 388 Algortan, bataz beste 28 plaza murriztu baitziren Algortan, lanak direla eta). 152.621 bat pertsonak erabili zuten zerbitzua eta 903.102 aparkatze egin zituzten.