Dantza izango da Getxoko 38. Arte Eszenikoen Jardunaldien protagonista aste-akabuan

Erredakzioa 2020ko urr. 22a, 11:52

Dantza eta teknologia berriak uztartzen dituzten Around the World eta Elektrical Flower lanak izango dira ikuskizun nagusiak. Nazioarteko Dantza Egunean bertoko dantza eskola eta akademiek bere lana erakutsiko dute eta, egitaraua borobiltzeko, Tonbola euskarazko kabareta eta Gorakada konpainiaren Pinocchio klasikoaren bertsioa antzeztuko dira. Ohi denez, lan guztiak Muxikebarri zentroan izango dira.

Jardunaldien azken asteburuko programa barikuan, hilaren 23an, abiatuko da Brodas Bros dantza konpainiaren eskutik. Around the World (21:00etan) bere azken ikuskizuna aurkeztuko dute, era futurista eta aldi berean bihozberan beren bizipenak erakusten dituen lana. Mapping-a, proiekzio interaktiboak, aireko dantza, argiak eta led-jantziak uztartu dituzte egun arte taldeak sortu duen lan teknologikoenean.

Zapatuan, urriaren 24an, eskaintza bikoitza izango da eguneko programan. 13:00etan, Nazioarteko Dantza Eguna ospatuko da. Horretan, bertoko dantza eskola eta akademiek estilo anitzeko koreografiak erakutsiko dituzte: dantza neoklasikoa, garaikidea, flamenkoa, klake, urban dance eta lindy hop, besteak beste. Arratsaldean, 18:00etan, haurrek Pinocchio lanez gozatzeko aukera izango dute, eskarmentu handiko Gorakada taldeak sortu duen Carlo Collodiren ipuin famatuaren bertsioa, hain zuzen ere.

Zikloa borobiltzeko, biharamunean, domekan, bi ikuskizun ere izango dira. 13:00etan, Hika konpainiak Tonbola antzeztuko du, absurdoaren kontzeptua umoreaz eta musikaz baliatuta jorratzen duen duen euskarazko kabaret lana. Azkenik, 19:00etan, Elektrart eta Dantzaz taldek jardunaldiei amaiera emango diete Elektrical Flower ikuskizunagaz. Lan horretan dantzak eta arteak naturarekin dituzten harremanak gerturatuko dizkiote ikusleei eta bidaia poetiko batean parte hartzera eramango diete. Horretan gorputz adierazmenaren plastikotasuna eta arte digitalen piezez sortutako eszenografia bateratu dituzte sortzaileek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun