Getxon mugikortasun jasangarria bultzatzeko 20 neurri proposatu ditu EH Bilduk

Erredakzioa 2020ko urr. 22a, 12:51
© EH BILDU

Getxoko EH Bilduk egindako proposamenak, besteak beste, oinezkoen guneakaz, bidegorri-sareagaz, garraio publikoagaz eta trafikoaren eta aparkalekuen kudeaketagaz daude lotuta. Koalizio abertzaleak adierazi duenez, helburua hurrengoa da: udalerri osoan mugikortasun ekologiko eta jasangarria bultzatzea. "Herriaren erdigunean oinezkoei protagonismo handiagoa eman nahi diegu; bidegorri-sareari benetako bultzada eman nahi diogu; Getxoko inguru natural eta berdegune guztiak babestu nahi ditugu".

Getxoko EH Bilduk aurkeztutako planak hainbat proposamen "berritzaile" jasotzen ditu. Oinezkoei dagokionez, Getxoko "eraztun-berdea" sortzea proposatzen da: Azkorritik Larrañazubiraino eta Zugatzartetik Galeara. Zugatzarten parkea handitzea da proposamena, bidegorria parkearen barnealdetik integratuz. Mimenagan, bere aldetik, ingurua eraberritzea proposatu dute, bertako zuhaitzak landatuz. Azkorriko ingurua babestea eta inguru natural izendatzea ere proposatzen da, autoen joan-etorriari mugak ezarriz eta bertan eraikitzea debekatuz. Horrez gain, "Eskolara bidean" egitasmoa martxan jartzea proposatu dute, umeek eskolara modu autonomo eta seguruan joateko aukera izan dezaten.

Bidegorri-sarearentzat ere proposamen zehatza egin du EH Bilduk: "Ez dugu partxe gehiagorik nahi. Bidegorriak sustatzeko benetako apustua egiten dugu: Algorta, Areeta eta Andra Mari lotzea eta Leioa, Berango eta Bilborekin loturak hobetzea". Areetako Kale Nagusian, berbarako, norabide biko bidegorria sortzea proposatu dute. Algortan ere goiko eta beheko aldeak lotu gura dituzte, Maidagan kalean bidegorria sortzeagaz batera.

Horrez gain, bizikleten erabilera bultzatzeko hainbat neurri planteatu dituzte: bizikletak erosi eta konpontzeko diru-laguntzak, bizikletak garbitzeko makinak sortu, aparkaleku gehiago ezarri, Getxobizi zerbitzua handitu eta hobetu, besteak beste.

Garraio publikoari dagokionez, EH Bilduren proposamen nagusia "Getxobus" delakoagaz lotuta dago; hau da, herriko auzo ezberdinak lotuko dituen herri-busa sortzea. Bus horrek Oikosa, Aldapa, Andra Mari edo Fadura bezalako inguruak lotuko lituzke metro eta zerbitzu publikoakaz. Udan ere, hondartza inguruak autobusagaz lotzeko beharra aztertu beharko litzateke, EH Bilduren arabera.

Azkenik, aparkalekuei ere erreparatu dio koalizioak: "Trafikoaren eta aparkalekuen kudeaketa negargarria izan da Getxon. Ibarbengoa eta Txiki Otaegi plazako aparkalekuak horren adibide dira". EH Bilduren arabera, beharrezkoa da norabidea aldatzea: herriaren erdigunean kotxeei lekua irabaztea eta kanpoaldean alternatibak eskaintzea aparkatzeko, inguru naturalak zainduz.

Itzubaltzeta/Romon zehazki, Gobelaurre inguruan lur azpiko aparkaleku bat egiteko azterketa egitea proposatu du EH Bilduk, parkea errespetatuz. Algortan, bere aldetik, Txiki Otaegiko aparkalekuan alokairu-sistema merkea eta hilerokoa sortu gura dute.

Arduradunek azaldu dutenez, EH Bilduren mugikortasun plana irekia da, eta, beraz, auzokideek euren ekarpenak bidal ditzakete getxo@ehbildu.eus helbidera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun