Kulturartekotasuna eta bizikidetza sustatzen dituen Bizilagunak ekimenak hainbat jarduera antolatu ditu datozen egunotarako, betiere COVID-19ari aurre egiteko segurtasun-neurriak beteta. Hala, hurrengo zapatuan, urriaren 31n, ibiltzeko irteera bat egingo dute, Portu Zaharretik Azkorriko hondartzara, mozorroturik, Getxoko Udalaren, Egizu euskara elkartearen eta Ibilki elkarteen eta Getxoko Etorkinak Plataforma Federazioaren eskutik. Egun horretan, gainera, kometak mugituko dituzte airean, azaroaren 1ean ospatuko den Domu Santu Eguna dela eta.
Horrez gainera, Getxoko familien bideo bat zabalduko dute; horretan bakoitzak bere etxetik norberaren herrialdeko bazkari baten istorioa kontatuko du, udalerriaren askotarikotasuna islatzeko eta, aldi berean, kultur artekotasuna eta euskararen erabilera sustatzeko.
Ekimenean parte hartu nahi duten pertsonek izena eman beharko dute bizilagunakgetxo@gmail.com helbidean edo 622 433 085 telefono zenbakian.
Azaroan eta abenduan ere, parte hartzeko jarduera gehiago antolatuko direla iragarri dute.