Eduardo Andrade Getxoko PPren bozeramaileak adierazi du aparkaleku berrirako udal-gobernuak iragarri dituen prezioak ez datozela bat udalerriaren gaur egungo egoera ekonomikoagaz, "are gutxiago orain, pandemia egonda". Popularren ustez gidari askok gurago izango dute TAO eremuan aparkatzen jarraitu, eta horrenbestez, Algortako kaleetan auto lar egongo dela aurreikusten dute, gaur egun bezala.
PPk beste prezio-zerrenda bat proposatu du. Errotazio-parkingari dagokionez, tarifa arrunta (hau da, 09:30etik 20:00etara bitartekoa) minutuko zentimo batekoa izatea eskatuko dute (bost zentimoko multiploetan), udal-gobernuak iragarri duenaren erdia.
Bestalde, Manuel Gainzan autoa utzi ahal izateko udaberrira arte itxaron beharra ere deitoratu du PPk: "Hilabeteak dira eginda dagoela eta gobernu-taldearen utzikeriagatik ezin da oraindino erabili, ohi bezala aurreikuspen falta izan dute eta". Herriko merkatariak ere atzerapenagatik kexatu direla gogora ekarri du Andradek, bide batez.