Pandemiak eragindako egoera ekonomiko eta sozial bereziak baldintzatuta osatuko dituzte 2021eko aurrekontuak Getxon

Erredakzioa 2020ko urr. 30a, 11:56

Datorren urterako Aurrekontu Orokorra diseinatzen ari da Getxoko gobernu-taldea (EAJ eta PSE-EE). Arduradunek azaldu dutenez, pandemiak eragindako egoera ekonomiko eta sozial berezia dela eta, jasangarritasun-irizpideek markatuko dute aurrekontu hori, gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-agendak kontuan hartuta, eta genero-ikuspegia zeharka sartuta; eta arreta berezia jarriz eraginkortasunaren hobekuntzan. Azaroan aurkeztuko dute aurrekontuaren zirriborroa, eta orduantxe zehaztuko dira aurreikusitako diru-sarreren eta gastuen zifrak; horrela, behin-betiko onartzeko ezarritako izapideari ekingo zaio.

Getxon, gainerako administrazio publikoakaz lankidetzan, birusaren hedapenaren aurkako borroka lehenetsiko da, "inor atzean gera ez dadin; oinarrizko zerbitzuen mantentze-lanak babestuko dira eta, beharrezkoa izanez gero, premiazko antolaketa-neurriak hartuko dira". Ignacio Uriarte Kontu-hartzailetza, Diruzaintza, Langileria eta Antolaketako zinegotziak adierazi duenez, “aztertu dugu noraino mantendu daitekeen pandemia aurreko aurrekontu-exekuzioa diru-sarrera gutxiagorekin, eta, aldi berean, hainbat aukera eta finantzaketa-bide aztertu ditugu”.

Kudeaketa lehenestea eta optimizatzea

2021erako udal aurrekontuak lehentasuna emango dio Giza Garapen Iraunkorrari:

  • Gizarte-agendan: Gizarte-Zerbitzuak, Etxebizitza, Zahartze Aktiboa, Kirola eta kultura-proiektuak.
  • Agenda ekonomikoan: HAPO berria onartzea, Udaleko Modernizazio Teknologikorako Plana gauzatzea eta udalerriko sare ekonomikoari laguntzea.
  • Ingurumen-agendan: hondakinen kudeaketa, jasangarritasun energetikoa eta hiri-mugikortasun iraunkorreko plana gauzatzea.

Aurrekontu parte-hartzaileak aurrekontu orokorrean sartuko dira oso-osorik; aurreikusitako inbertsioak aurrekontuan zuzkituko dira eta Udalaren zor berriagaz babestuko dira, gehienez, 6.000.000 euroko mugagaz eta udal-tasak eta zergak izoztu egingo dira, herritarrei presio fiskala ez areagotzeko. Diru-laguntzei dagokienez, irizpide orokorra da horiek mantentzea eta babestea, bereziki udalerriko gizarte- eta elkarte-sarearen ohiko jarduerari eustera bideratutakoak. Hala ere, ez dira hornituko urteko lehen lauhilekoan kalean ekitaldiak egiten laguntzera bideratutakoak, pandemiaren aurkako borrokan osasun-prebentzioko neurriak laguntzeko helburuaz.

Kudeaketaren optimizazioari dagokionez, Ignacio Uriartek gogorarazi duenez, "egungo egoeran, inoiz baino gehiago, ezinbestekoa dela udal zerbitzuak optimizatzeko ahalegina azpimarratzea. Eraginkortasun handiagoa, efizienteagoak eta eraginkorragoak bilatzea gobernu-talde honen konpromiso etengabe eta saihestezina da, eta udal-kudeaketaren zeharkako helburu nagusia izan behar du". Ildo horretan, besteak beste, gertatzen diren ez-exekuzioak Kontu-hartzailetza Arlotik atxikiko dira, diru-sarreren murrizketa potentziala eta pandemiaren eta haren ondorio sozioekonomikoen aurkako borrokari lotutako ezohiko gastuak babesteko balizko beharra finantzatzeko, eta gastu arruntean eraginkortasuna sortzen duten inbertsioei emango zaie lehentasuna.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun