EH Bilduk gogoratu duenez, Euskal Herriko etxebizitzen alokairurik garestienak daude Getxon; horren eraginez, gazteak euren herria uztera behartuta egoten direla deitoratu du koalizio abertzaleak, "ezin dutelako prezio horiek ordaindu. Getxon, etxebizitzen alokairuaren bataz besteko prezioa 850 eurokoa da".
Egoera horri aurre egin guran, Getxoko taldeak hainbat proposamen aurkeztu ditu, hala nola alokairuen prezioari muga jarri, etxebizitza-promozio berri denak alokairu sozialekoak izatea... Urriko osoko bilkuran, gainera, gaur egun indarrean dauden gazteen emantzipaziorako dirulaguntzen bigarren lerro bat irekitzea mahai-gaineratu zuten. Udalbatzak proposamen hori onartu zuen, EH Bildu eta EAJ, PSE-EE eta Elkarrekin Podemosen aldeko botoakaz; PP izan zen kontra bozkatu zuen bakarra.
2017an abiatu ziren diru-laguntza horiek, aurreko urtean EH Bildu eta orduko udal-gobernuaren artean erdietsitako aurrekontu-akordioari esker. Ordutik, baina, laguntza horien beharra agerian geratzeaz gainera, "dituen gabeziak ere atzeman ditugu", deitoratu du koalizioak. "Izan ere, sarri gertatu ohi den bezala diru-laguntzekin, behin abiatuta, ikusten da zeintzuk aspektu hobetu daitezkeen eta zerk funtzionatzen duen".
"Beharra agerikoa da; une honetan ugari izaten jarraitzen dute emantzipatzeko laguntza behar duten gazteek. Gainera, egunotan, behar hori areagotu baino ez da egin; osasun krisian murgilduta eta gazteen lan baldintza, oro har, txarrak okertu baino ez dituen krisi ekonomikoa atarian daukagu. Bada, horiek datu nahikoak dira gazte getxoztarrei euren bizi-proiektuaren lehen oinarriak jartzen laguntzeko. Esan barik doa, egun ere eskandalagarria dela gazteen emantzipazio adinaren bataz bestekoa EAEn, izan ere, azken urteotan egindako ikerketen araberakoa, 29,6 urtekoa da", adierazi du EH Bilduk.
Gabeziak
Alokairurako laguntzak zenbait gabezi agerian utzi dituela deitoratu du EH Bilduk, hala nola horrek duen epemuga: "bakarrik urtebetekoa izatea, alegia". Ondorioz, gazteek emantzipazioa denboran mantentzeko arazoak dituztela salatu du koalizioak. Horregatik, EH Bilduk beharrezkotzat jo du indarrean dagoen gazteen emantzipaziorako diru-laguntza ez ezik, beste lerro bat ere sortzea, hurrengo urteetan gazteei alokairua ordaintzen lagunduko dien lerroa, hain zuzen ere.
Kasu horretan ere, emantzipazio diru-laguntzetan gertatzen den bezala, gazteen diru-sarreren araberakoa izango da jasoko duten laguntza. "Jakin badakigu neurri bakan batzuek ez dutela herri honetan gazteek bizi duten etxebizitza arazoa erabat konponduko. Baina egoera arindu dezakegu. Gazteek etxebizitza behar dute eta Getxok gazteak behar ditu. Beraz, modu honetan lor genezake gazteak euren sorterrian errotzea eta euren bizi proiektua garatzeko, Getxo herri-aukera erreala izatea", azaldu du EH Bilduk.
Bestalde, identifikatu duten beste gabezietako bat da diru-laguntza horiek ez direla nahikoa ezagutzera ematen, "eta ondorioz herriko gazte askok ez dute jakiten noiz izaten den epea hauek eskatzeko, hauetara hautatzeko baldintzak betetzen dituzten edo ez, ezta diru-laguntza hauek existitzen direnik ere. Hori dela eta, mozioan ere diru-laguntza hauetaz ganoraz informatzea proposatzen da".