Zinemabarri zikloa abiatuko dute

Iker Rincon Moreno 2020ko aza. 4a, 12:24
Artxiboko irudia.

Azaroaren 5etik aurrera, martxoan eten egin zen jarduera berreskuratuko du Muxikebarri antzokiak: Zinemabarri zikloa. Hala, eguenero, kalitate handiko zinemaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek; gehienetan, azpitituludun jatorrizko bertsioan.

Azaroaren 5ean abiatuko da Zinemabarri zine-zikloaren aurtengo denboraldia, pasa den martxoan pandemia dela eta eten zen jarduera berreskuratuta. Zikloa eguenetan izango da, Muxikebarri zentroan; kalitate eta interes zinematografiko handiko pelikulak hartuko ditu; gehienetan, azpitituludun jatorrizko bertsioan. Emanaldiak 19:00etara aurreratuko dira iraupen luzeko proiekzioetan, mugikortasun- eta ordutegi-murrizketagaz arazorik ez izateko. Lehenengo saioan Hirokazu Kore-Eda zuzendariaren La verdad filma eskainiko da, Catherine Deneuve protagonista duena. Proiekzioa aurreikusitako orduan izango da, 20:00etan, eta sarrerak daborduko salgai daude. Azaroaren 12an, aldiz, guda zibilaren hasieran girotutako La trinchera infinita filma proiektatuko da, Jon Garañok, Aitor Arregik eta Jose Mari Goenagak zuzendutakoa. Hurrengo astean, hilaren 19an, aurreko asterako programatuta zegoen Mateoren ama film laburra eta The Farewell film luzea proiektatuko dituzte; azken hori Lulu Wang txinatar-estatubatuar zuzendariarena da. Azaroko eskaintza hilaren 26an amaituko da, En realidad, nunca estuviste aqui hiri-thrillerragaz.

Zine-Kluba zikloa barikuetan izango da, eta astebeteko atzerapenez abiatuko da. Lehenengo saioa azaroaren 6rako aurreikusita zegoen (Terrence Malicken Vida oculta zen ematekoa), baina bertan behera utzi zuten. Hala, zikloa hurrengo astean hasiko da, hilaren 13an, El lago del ganso salvaje filma emanez. Hilaren 20an eta 27an, berriz, Mujercitas eta Sobre lo infinito emango dituzte, hurrenez hurren. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun