Konfinamendua amaitu ondoren, uda hasieran, udalerriko kirol-instalazioak erreserbatzeko eta edukiera kontrolatzeko aplikazio bat kontratatzea erabaki zuen Getxo Kirolakek, presazko prozeduraren bidez, EH Bilduk azaldu duenez. Horretarako inbertsioa 70.000 eurokoa izan zen eta, "uneoro, Getxo Kirolaken justifikazioa izan da esatea Udalak zituen baliabideak ez zirela nahikoak, edukieren kontrola egin ezin zelako eta aplikazioa Getxo Kirolak jabetzan erosten zuelako", gogoratu du koalizio abertzaleak.
Gaur egun, baina, EH Bilduk deitoratu du Getxo Kirolakek aplikazioa taberna eta beste erakunde batzuekaz partekatzen jarraitzen duela eta oso urrun dagoela pertsonalizaziotik eta jabetzatik; "izan ere, horrek justifikatzen zuen inbertsio hain handia egitea salbuespenezko kontratazio-prozedura baten bidez, non ez diren kontuan hartzen lehia askea bezalako alderdiak".
Kontrol "egokirik" ez
Aplikazio horren harira, Getxo Kirolakek bere erabiltzaileei ematen dien tratamenduak kezkatu du EH Bildu: "Ez dago kontrol egokirik, eta ez dator bat Europako Erregelamenduekin". Talde politikoak dioenez, datu pertsonalak babesteari eta eskubideak bermatzeari buruzko txosten juridikoa eskatu zutenean (irailean jaso zuten), ikusi zuten kontratazioa ekainean egin zela eta Getxo Kirolakeko aholkulari juridikoak sinatu zuela, "bera baita datuen tratamenduaren arduraduna". Hori ikusita, joan den urriaren 21ean, Getxo Kirolakeko Zuzendaritza Batzordean txostena eskatu zion EH Bilduk 2018an Alkatetzak izendatutako Datuak Babesteko Ordezkariari, "hori baita txosten hori egiteko legez gaitutako figura".
Hala, txostena jasota zutela, EH Bilduk ondorioztatu du Yet Plan aplikazioa erabili duten Getxo Kirolakeko erabiltzaileen datuak jasotzen dituzten datu-baseak ez daudela Getxo Kirolakeko zerbitzarietan, "ezta udalekoetan ere". Horren aurrean, Getxo Kirolak Datuak Babesteko Euskal Bulegoan salatu jarri du EH Bilduk, "Getxo Kirolakeko abonatuen datu pertsonalak legearen arabera eta behar diren berme guztiekin tratatzen direla bermatzeko".
HIRUKA Getxo Kirolak erakundeagaz harremanetan jartzen saiatu da, baina ez du erantzunik jaso.