Azaroko ikuskizun eta ekitaldien ordutegiak osasun-egoera berrira egokitu ditu Getxoko Kultur Etxeak

Erredakzioa 2020ko aza. 10a, 09:13

Eusko Jaurlaritzak ezarritako azken osasun-araudira egokitzeko asmoz, Getxoko Kultur Etxeak azaroko hainbat ikuskizun eta ekitaldiren ordutegia aldatu du. Hala, ikuskizunak beranduenez 21:00etan amaituko dira, Getxoko zein inguruko udalerrietako ikusleek etxeratze-agindua hasi baino lehen bizilekura itzultzea bermatzeko.

Muxikebarriko Zinemabarri zine-zikloaren kasuan, La trinchera infinita (hilak 12) eta The Farewell (hilak 19), Mateoren ama film laburragaz batera) 18:00etara aurreratuko da. Halaber, En realidad, nunca estuviste aquí film luzearen emanaldia (hilak 26) 19:00etara aurreratuko da.

Zine-Kluba zikloan, El lago del ganso salvaje (hilak 13) eta Mujercitas (hilak 20) filmen proiekzioa 18:00etara aurreratuko da. Sobre lo infinitoren emanaldia (hilak 27), ordea, 19:00etara aurreratuko da. Gainera, aurretik jakinarazi zenez, ziklo honen saio guztiak lekuz aldatu dira, Romo Kultur Etxera.

Musika Eskola Irekia musika-zikloan, Impromptu taldearen kontzertua (hilak 11) 19:00etan mantenduko da. Miguel Ituarte piano-jotzaile getxotarraren Beethoven y el piano ekitaldiak (hilak 25), hitzaldi musikatua eta kontzertua hartzen dituena, bere hasiera-ordua mantenduko du (18:30), baina horren iraupena murriztuko da kultura ekitaldiei dagokien araudia errespetatzeko.

Gainerako musika ekitaldiei dagokionez, Joseba Tapiaren Tranpaldo ikuskizuna (hilak 21) 19:00etara aurreratu da eta Pío Lindegaarden omenezko kontzertuak (hilak), Dena DeRose estatubatuarraren eskutik, momentuz ez du aldaketarik izan.

Antzerki programazioan, berriz, Drag-E uraren bila (hilak 13) haurrentzako antzezkizuna aurreikusitako orduan mantenduko da (18:00). La fuerza del cariño antzezlana (hilak 20) 19:00etara aurreratuko da eta, azkenik, Birritan bortxatua lanaren bi saioak ere aurreratuko dira 17:30 eta 19:30era, hurrenez hurren.

Zerbitzuei dagokienez, Romo eta Villamonteko kultur etxeak 21:00etan itxiko dira. Gainera, azken horretan ikusgai dagoen Elena Gamarra bertoko artistaren erakusketa 21:00etan ere itxiko da. Udal liburutegien programazioaren kasuan ez dago aldaketarik.

Bertan behera utzitako ikuskizunak eta diru-itzulketak

Aurretik jakinarazi zenez, Erramun Martikorena (hilak 15) eta John Premier & The Real Deal Blues Banden (hilak 22) kontzertuak bertan behera utzi dira. Gauza bera gertatu da ESKENA Euskadiko Ekoizle Eszenikoen Elkartearen 25. urteurreneko ospakizun-ekitaldia (hilak 19) eta Ophelia antzezlanarekin (abenduak 4).  Bertan behera utzitako ikuskizunen sarreren itzulketa ezer ere egin gabe egingo zaie txartelaz ordaindu dutenei. Eskudiruz ordaindu dutenak Muxikebarriko txarteldegira joan beharko dira azaroaren dirua eskatzeko, astelehenetik ostiralera 10:00-13:00 eta 17:30-19:30 ordutegian. Getxon edo ondoko udalerrietan bizi ez diren erosleen kasuan, mugikortasun murrizketa amaitu eta gero joan ahal izango dira.

Ordutegi-aldaketak direla eta itzulketa eskatu nahi dutenek, on-line edota telefonoz bitarteko salmentaren kasuetan, 94 466 01 23 zenbakiaren bitartez edo sarreraitzulketa@getxo.eus posta elektronikoaren bitartez egin dezakete. Azken kasu horretan, sarreren argazkia erantsi eta eroslearen izen-abizenak eta harremanetarako telefonoa zehaztu behar dira. Azkenik, sarrerak txarteldegian edo kultur etxeetan erosi dituztenek (esku-diruz zein datafonoz), Muxikebarriko txarteldegira (joan beharko dira astelehenetik barikura (ordutegia: 10:00-13:00 eta 17:30-19:30).

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun