Dortokentzako putzua egin dute Getxoko Ingurumen Aretoan

Erredakzioa 2020ko aza. 11a, 11:53
Larrañazubi inguruan dago Getxoko Ingurumen Aretoa.

Dortokentzako putzu bat inauguratu dute Getxoko Ingurumen Aretoan. Ekipamendu berri horri esker, udalerriko hezeguneetatik ateratako aleak, hala nola Boluetik, erdi-askatasunean kontrolatutako eremu batean bizi ahal izango dira animaliak, Udalak azaldu duenez.

Dortoka exotikoak gure ingurunean aske uztea eragin dezaketen kalteez jabetzen hasia da gizartea; gero eta gutxiago askatzen dira natura-ingurunean. Hala ere, maskota horietako bat duten eta horretaz arduratzeko gai ez diren pertsonei aukera emango zaie animalia hori Ingurumen Aretora eramateko, naturan askatu beharrean eta, hala, arazoak saihesteko. “Jakina, maskota baten ardura hartzen duen pertsona bakoitzak jakin behar du, maskota eskuratu baino lehen, izaki bizidun horren bizitza bere erantzukizuna dela; beraz, bere beharren, bizitza-luzeraren eta berezitasunen berri izan behar du, eta ziur egon behar du bere ardura hartu ahal duela animaliaren bizitza osoan. Bistan denez, plan horiek aldatu egiten dizkiguten egoerak sortzen dira bizitzan, animalia horiek mantentzea ezinezkoa egiten duten egoerak. Egoera horietarako, urmael hau izango dute beren dortoka eramateko, naturagune batean askatu beharrean”, esan du Joseba Arregi Hiriko Ingurumen Zerbitzuetako eta Ingurumen Kalitateko zinegotziak.

Bihurtuz elkartearen lankidetzagaz eraiki da putzua, Xabier Buenetxearen ideiari eta aholkularitzari esker. Buenetxea Bolue Ingurumen Ikerketako basogintzako ingeniaria da, udalerriko biodibertsitatea ezagutu eta kudeatzeaz arduratzen den enpresa, eta “SOS GALÁPAGOS” proiektuaren koordinatzailea da. Proiektu aitzindari horri esker, gizakiok gure ingurunean sartutako ehunka dortoka exotiko inbaditzaile atera dira azken urteotan eta Gorlizeko Foru Aldundiaren berreskuratze-zentrora eraman dira. Dortoka horiek kalte larriak eragiten dizkiote bertako faunari eta bertako galapagoakaz lehiatzen dira. Azken horien populazioak ere aztertzen dira proiektu horretan.

Ingurumen-hezkuntzarako baliabide berri hori daborduko asteburuetako jardueren eta ikasleakaz egiten diren hezkuntza-programen parte da, eta beste baliabide batzuekaz bat egiten du, hala nola Tximeleten Oasiagaz edo baratzeagaz. Egunero bisita daiteke, 10:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 17:30era; eta 10:00etatik 14:00etara asteburuetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun