Getxo Kirolakek online kirol-eskolen programaz burututako lana "Etxean ibiltzearen gaineko esperientziak" izeneko jardunaldian aurkeztuko dute, espainiar Estatuko eta Kolonbiako eta AEBtako leku ezberdinetako beste 7 proposamenakaz batera. Besteak beste, honako gai hauek jorratuko dira: adinekoen egoitzetako lana, irisgarritasuna, hiri-birsorkuntza, co-housing eta konfinamendu soziala.
Martxoan, apirilean eta maiatzean egindako lana deskribatuko du erakunde getxoztarrak, global fitness, pilates, haurrentzako kirola, adinekoentzako kirola eta yoga bezalako eskolak eman baitzituen zuzenean. Jarduera-programazio horretan, 4.325 pertsonak parte hartu zuten eta, jardunaldian azalduko den moduan, jarduera fisikoaren eta aisialdi osasungarriaren alternatibak eskaintzeaz gain, adinekoen kasuan teknologia berrietara hurbiltzea eta elkar laguntzeko eta zaintzeko eremu bat sortzea ere lortu zuen.
Esperientzien aurkezpena internet bidez egingo da eta 19:00etan hasiko da. Izen-ematea doakoa da eta web orrialde honetan eska daiteke.