Getxo Kirolak, Getxo Surf Taldeak, Euskal Herriko Surf Federazioak (zeinak bere egutegi osoa bertan behera utzi duen), staff teknikoak, zuzendaritzak eta txapelketako lehiakideek osatzen dute proba ospetsuaren antolaketa-taldea. Hainbat bilera egin ostean, 2020ko edizioa ez egitea erabaki dute, erakundeek pandemiari aurre egiteko hartutako azken neurriak direla eta.
Izan ere, uhin erraldoien bila nazioartetik etorriko liratekeen surflari batzuek zailtasun handiak izango lituzkete Euskal Herrira ailegatzeko, eta ikusle-kopurua ere nabarmen murriztuko litzateke osasun-segurtasunagatik ezarritako mugen ondorioz. Datorren urtean proba normaltasunez egin ahal izateko itxaropena agertu dute antolatzaileek.