Herriprost

Maier Arrieta Araiz 2020ko aza. 18a, 12:19

© GETXOKO UDALA

Osasuna, gaixotasuna, ezjakintasuna, hedabideen oihartzuna, etxetik jarduna, lege zurruna, isuna, artegatasuna, sentitzen naiz tuntuna, lepotik gora maskaraduna, azeituna, babarruna. Azken hauek etxean orain. Etengabeko aldaketetara egokitzearen beharra, hemen eta orain. Orainean bizitzea da pandemiak utzitako gauzarik nabarmenetarikoa. Egoera berri eta aldakor honetan, osasunaz gain gure egunerokotasuna ere kolokan dagoen honetan, non dago euskara? Non, euskal ahalduna? 

Euskarak ere, krisi honen ondorioak gogor pairatu dituela ikusi izan dugu hainbat eta hainbat erakusleihotan. COVID-19arekin batera, euskaraz bizitzeko eskubidea urratua izan dela ikusi dugu beste behin. 

Badator Euskaraldia, euskararen erabilera handitzea helburu duen hamabost eguneko ariketa soziala. Euskal gizartearen eremu zabal bat hartzen duen ariketa pertsonala eta kolektiboa. Batzuek pentsatuko dute ez dela garai ona hizkuntzaren gaiari eusteko, euskarari bultzada emateko, gure hizkuntza ohiturei astindua emateko. Baina beste batzuok, inoiz baino beharrezkoagoa dela uste dugu. Elkarlana eta zaintza, euskal komunitatea berpizteko ezinbestekoak diren honetan, ariketak mota guztietako profilen parte hartzean oinarritzen da: adin, genero, ideologia... Irribizi direlako, gara euskaldun asko eta asko; ahobizi diren hizkuntza aktibistek euskarari tinko eutsiko diote; eta belarriprestek estereotipoak hautsi eta eurei euskaraz egitea eskatuko dute inplizituki. Denak dira beharrezkoak gizartea aldatzeko, gure buruarengatik hasi behar dugula esan zuen aspaldiko indiar iraultzaile batek.

Oztopoak oztopo, herritarrok gure nahien eta aukeren arabera egingo dugu aurrera, gogotsu eta ilusioz beterik. Egin dezagun topa aurtengoan ere ahoak, belarriak, irriak eta herriak prest eta bizirik mantentzen lagunduko duzuen guztiongatik. Zuengatik guztiongatik, herriprost!

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun