Euskal preso eta iheslariak etxeratzearen aldeko giza katea osatuko dute zapatuan

Erredakzioa 2020ko aza. 19a, 10:00
© SARE ITZUBALTZETA

Euskal preso eta iheslariak etxeratzearen aldeko giza-kate ibiltaria egingo dute zapatuan, hilaren 21ean, Itzubaltzeta/Romo eta Areetako kaleetan zehar. Sare Herritarrak antolatuta, eguerdiko 13:00etan jarri dute hitzordua, Xake plazan, "Bidea gara, bidean gaude" lemaren pean.

Euskal jendarte osoaren parte-hartze aktiboa bilatzeko “Izan bidea, ibiltarien sarea” dinamika jarri zuen martxan joan den maiatzean Sare Herritarrak, hiru ideia nagusiren baitan: preso eta iheslarien etxeratze prozesua martxan jartzea, elkarbizitzan bizi den jendarte baten eraikuntzan aurrera egitea eta bakearen aldeko urratsak ematea. Preso eta iheslarien auziari konponbidea emateko urratsak eman, jendarteren aktibazioan sakondu eta herri honen aniztasuna batzea da dinamika berri horren oinarria, azaldu dutenez.

Izan ere, Sareko kideek uste dutenez, garrantzitsua da jendartea fase eraikitzailean kokatzea, "iraganeko zauriak sendatuz, aurrera begira jarrita. Finean, egoera hau behin betiko gainditzea nahi dugun ibiltari aktiboak gara, eta aurrera egin nahi duen oro sare honetara batzera gonbidatu nahi dugu". Hala, gaineratu dutenez, "elkarbizitzan eta bakean oinarritutako aro batera eramango gaituen bidea egin nahi dugun ibiltariak gara, baina hori guztia gauzatu ahal izateko herritarron ardura eta parte- hartzea ezinbestekoak dira, guztion bultzada beharrezkoa baita gauzak mugi daitezen".

Izan Bidea dinamika; zertan datza?

3.127.326 kilometro egiteko erronka ezarri diote euren buruari, hain zuzen ere Euskal Herriak duen biztanle kopurua beste. "Gure herriko herritar bakoitza ibiltari izatea proposatzen dugu, izan modu indibidualean edota kolektiboan, guztion artean bidea osatzea helburu izanik (dantzaldiak, ibilaldiak, lasterketak, irteerak, mendi-bueltak… eginez, zabaldu nahi ditugun aldarriekin). Inoiz egin den biderik jendetsuena egin nahi dugu", azaldu dute arduradunek.

Dinamika horren barruan, Sarek hurrengo azaroaren 20-21-22ko aste-akabuan, Euskal Herriko herri eta auzoei protagonismoa emanik eta bertan bidea jende gehiagogaz egiteko gogoz, mobilizazioak deitu ditu: "Dinamika herriguneetara eraman nahi dugu".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun