Obrak kasuan kasuko lizentziak izapidetu ondoren hasiko dira. Proiektuaren aurrekontua, guztira, 440.666 eurokoa da (BEZ kanpo), eta altzarirena 32.372 eurokoa (BEZ kanpo).
Proiektua
Proiektuak tokiaren birbanaketa aurreikusten du eta, ondorioz, lehenengo solairuan heldutasun aktiboa sustatzeko guneak egongo dira, Getxo Lagunkoia programaren barruan. Solairu horrek 381 metro koadro ditu, eta han, besteak beste, erabilera anitzeko aldea, jolas-jarduerak egiteko gune bat eta proiektu kolektiboak eta prestakuntza-jarduerak garatzeko lau areto izango dira, guztiak ere beharrezkoak dituzten baliabideakaz. Auzoko erakunde eta elkarteek, batez ere adinekoek, hala nola Algortako erretiratuen elkarteak (AJANE), planta hori erabili ahal izango dute. Egoitza horretan adinekoentzat ematen diren egungo jarduerak errespetatuko direla azpimarratu du Udalak.
Bestalde, beheko sotoan (158 metro koadro) lan kolaboratzailerako (coworking) gunea izango da, ekintzaileak eta udalerriko enpresa txikiak laguntzeko, ekintzailetza eta kudeaketarako aholkularitza prozesuakaz. Aldi berean, enpresen arteko sinergiak eta harremanak sortze aldera, dinamizazio zerbitzuak ere izango dira, tokian tokiko eta kanpoko sareak sortzeko.