Sindikatuek azaldu dutenez, duela urte bi ezarritako foru-arau berriaren ondorioz hainbat lanpostu amortizatu egin dira Getxoko udal-egoitzan. Hala, 2018an 58 erizain-teknikari laguntzaile (TCAE) zeuden bitartean, orain 40 baino ez direla deitoratu dute beharginek. Gainera, joan den astean langileek jakin ahal izan dute, egoitzako lehendakariak Artezkaritza Kontseiluan egindako adierazpenen bidez, beste lanpostu bat amortizatzeko asmoa dutela, sindikatuek salatu dutenez. Hala, amortizazio hori gauzatzen bada, langileen lan-baldintzak are gehiago okertuko direla azpimarratu dute: "Lan-karga handiagoa ez ezik, denbora gutxiago izango baitute erabiltzaileak zuzenean artatzeko eta jagoteko".
Gaur egun bizi dugun osasun-krisian udal-egoitzako langileen lana azpimarratu dute sindikatuek, horien ahalegin eta inplikazioari esker egungo zaintza-ereduaren "gabezia larriak" arindu dutelako. "Oraingo ereduak, bere gabeziengatik, ez du bermatzen ez lan-osasuna, ezta langileen arrisku psikosozialak ere", salatu dute .
Hori dena dela eta, Getxoko udal-egoitzako langileek lan-baldintza duinak eskatu dituzte, baita egutegi egokiak ere, "atseden hartu ahal izateko, gure adinekoei kalitatezko zerbitzua emateko, enpleguari eusteko eta orain arte amortizatu diren lanpostuak berreskuratzeko". Horretarako, Getxoko Udalarengana jo dute sindikatuek, udal-arduradunek egoera zein den ezagutzen ei dutelako, eta plantilla are gehiago murrizten ez uzteko. "Bestela, egoitzako langileen lan-baldintzak gero eta txarragoak izango dira, eta udal-egoitzako zerbitzuaren kalitatea gero eta eskasagoa", ondorioztatu dute sindikatuko ordezkariek.