Udalerriko 74 langabe kontratatzeko laguntzak bideratuko ditu Getxoko Udalak

Erredakzioa 2020ko abe. 4a, 09:42

Getxoko Udalak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren 558.651,78 euroko dirulaguntza jaso du, enplegua sustatzeko tokiko ekintzetarako laguntzen 2020ko deialdiaren babesean. Laguntza hori, alde batetik, erabiliko da enplegua sustatzeko jardueretarako, Lanbiden izena emana duten 24 langabe getxoztar kontratatzeko (283.359,66 euro) eta Getxoko enpresen artean 50 kontratazio egiteko laguntzeko (275.292,13 euro).

Enplegua sustatzeko dirulaguntzaren helburua da laneratzeko zailtasun bereziak dituzten langabeak lan-merkatuan sar daitezen sustatzea, haien prestakuntza-maila, gaitasun pertsonalak eta motibazioa bultzatuko dituen aldi baterako lan-esperientzia baten bidez.

Getxoko 24 langabe kontratatuko dira 15 udal-proiektutarako. Gutxienez, kontratatutakoen artean % 40an emakume langabeak izango dira, % 30ean diru-sarrerak bermatzeko errentaren titularrak edo onuradunak, eta % 15ean 55 urtetik gorakoak.

Hurrengo hauek dira eskatutako profilak: 7 merkataritzako administrari, 5 enpresetako aholkulari, 5 administrazio-teknikari, 2 dokumentuen digitalizatzaile, 2 peoi, 2 pintore eta eraikinen mantentzaile 1. Udalak jakinarazi duenez, Lanbide hasia da hautagaiak hautatzen; beraz, getxoztarrak eta Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda daudenak izango dira hautatutakoak.

Enpresentzako laguntzak kontrataziorako

Bestalde, Getxoko Udalak, Lanbideren dirulaguntzari esker, kontrataziorako laguntzen deialdi bat argitaratuko du, eta 275.292,12 euro bideratuko ditu horretara. Laguntza-eskaerak horiek aurkeztu diren hurrenkeraren arabera ebatziko dira, aurrekontu-kredituaren mugaraino. Kontrataziorako gehienez 50 dirulaguntza ematea aurreikusten da.

Dirulaguntzak tokiko enpresei zuzenduta daude, hiru eta sei hilabete bitarteko kontratuetarako, Getxon erroldatuta dauden eta Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden langabeentzat. Kontratu horiek 2020ko uztailaren 1etik abenduaren 31ra bitartean hasi beharko dira. Gehieneko laguntza 3.000 eurokoa izango da 3 hilabeteko iraupena duen lanaldi osoko lan-kontratu bakoitzeko, eta 6.000 eurokoa 6 hilabeteko edo hortik gorako iraupeneko lan-kontratu bakoitzeko.

Laguntza 9.000 eurokoa izango da sei hilabeteko edo hortik gorako lan-kontratu bakoitzeko, honako kolektibo hauetako pertsonak kontratatzen badira: DSBEren titularrak edo onuradunak, 35 urtetik beherakoak, iraupen luzeko langabeak eta 55 urtetik gorakoak. Kontratuak emakumeei egiten bazaizkie, dirulaguntzaren zenbatekoa %10 handituko da.

Enpresak arduratuko dira langabeak aukeratzeaz. Deialdia BAOn abenduan argitaratzea aurreikusten da, eta egun horretatik aurrera entregatu ahal izango dira eskaerak.

Informazio gehiago eta kontsultak Getxolanen (Getxo Elkartegia, Ogoño, 1, Areeta) egin daitezke:

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun