Lehen aldiz egiten den ongintza gala honen antolatzailea da Getxo Flamenco Kultur Elkartea, eta eguberrietan Jerez bezalako herrietan ohiturazkoa den eltzagor emanaldia izango da ekitaldiaren ekintza nagusia. Ekitaldia zapatu honetan egingo dute, 19:00etan.
Saioaren sarreragaz batzen duten dirua Erredentorearen parrokiak kudeatzen duen Elikagaien Bankura bideratuko dute. Horretaz gain, antolatzaileek gogoratu dute indarrean dauden babes-neurri guztiak beteko dituztela, bertaratzen direnen segurtasuna bermatzeko.
Jerezen errotuta dagoen Gabonetako ohiturazko emanaldi horretarako musikariak hauek izango dira: Enrique El Vaca (gitarra flamenkoa), Eduardo Florido Rubio (kantua), Jose Palacios (perkusioa eta dantza) eta Alejandra Ladron de Guevara, Yolanda Romero, Rebeca Ruíz Morín eta Gabriela Sáez Martín flamenko-dantzariak. Horiekaz batera parte hartuko dute Escuela Flamenca de Las Arenas eta Casa de Andalucía de Castro eskoletako kideek.
Sarreren prezioa zortzi eurokoa izango da, eta eskuragarri egongo dira getxoflamenco@gmail.com posta elektronikoaren bitartez. Horiekaz batera, zero ilara ere gaitu dute, bost euroko prezio murriztuagaz.