Bizikleta-gune berri horietan, pneumatiko-estalkiak muntatu eta desmuntatzeko bihurkinak, giltza ingelesak, giltza finkoak, allen giltzak eta lanabesak ipini dituzte. Guneak gurpilak puzteko mahuka eta balbula bidezko konektoreekin ere hornitu dituzte, puzteko eskuzko sistema batekin eta airearen presioa kontrolatzeko manometroarekin. Gainera, ura dosifikatzen duen mahuka baten bidez garbitzeko aukera ere jarri dute. Lan horiek guztiak erosotasunez egin ahal izateko bizikleta eusteko besoak dituen zutoinak jarri dituzte. Zutoinek 20 x 20 zentimetroko neurriak dituzte, eta 1,40 metroko altuera.
Ekimenaren aurkezpena egin du gaur Miguel Angel Gomez Viar Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko diputatuak Portugaleteko gunean. Bertan adierazi duenez Bizkaian bizikletaren erabilera sustatzeko foru-estrategiarekin bat datorren jarduera da, eta horiek mantentzeko lanak Bizkaiko Foru Aldundiak berak egingo dituela ere jakinarazi du. Beste guneak Zierbena, Santurtzi, Portugalete, Sestao eta Barakaldon jarri dituzte.
QR kodea
Bizikleta-guneko zutoinak "Bizkaia" markarekin eta kasuan-kasuko Udalaren logotipoarekin identifikatuta daude. Gainera, QR kode batek gunearen funtzionamendua ezagutzeko aukera ematen du, eta beste QR kode batek Bizkaiko Foru Aldundiak bizikletei buruz eskura duen informazioa eskaintzen du.
Lehen esperientzia pilotu honetan egindako inbertsioa 33.854,51 eurotako da; zutoinak hornitu eta jartzeko, eta urtebetez behar duten mantentze-lanak eta horiek jartzeko eremuak egokitzeko obrak barne.
Lehen instalazio-sorta horretatik abiatuta, eta hilabete batzuetan zehar, instalazioen erabilera-mailaren eta osagaien erresistentziaren eta iraunkortasunaren jarraipena egin, eta erabiltzaileen iritziak jasoko dituzte, 2021ean Bizkaian interesgarritzat jotzen diren gune gehiago hornitzeko.