Norai elkartearentzako musika-tresnak biltzen ari da Andres Isasi Musika Eskola

Erredakzioa 2021ko urt. 13a, 14:14

Norai elkartea, artxiboko irudian. © GETXOKO UDALA

Aurten ere, Andres Isasi Musika Eskola parte hartzen ari da "Etorkizuna Musikatan" izeneko proiektu solidarioan, Norai elkarteak bultzatutako ekimenean, hain zuzen ere. Horren helburu nagusia da orkestra-praktikaren bidez lan egitea kultura anitzeko aberastasun handiko baina gizarte-bazterketako arriskuko testuinguruetan bizi diren haur eta gazteakaz. Horrela, ahalbidetuko da norbera eta taldea aberastea, sentsibilitate artistikoa garatzea eta balioetan heztea. Gaur egun Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoetan ari dira lanean.

Krisialdi sanitarioa dela eta, ekimen horretako ikasleek ezin dituzte musika tresnak partekatu eta horrexegatik behar dute handitzea elkarte horrek duen musika-tresnen bankua.

Urtarrilaren 29ra arte honako tresna sinfoniko hauek eman ahal izango dira:

  • Hari-tresnak: biolina, biola, txeloa, kontrabaxua (edozein tamaina).
  • Haize-egurrezkoak: zeharkako txirula, klarinetea, oboea, fagota.
  • Haize-metalezkoak: tronpeta, tronpa, tronboia, bonbardinoa, tuba.
  • Perkusiozkoak.
  • Osagarriak: atrilak, kainak, hariak, erretxinak…

Musika Eskolako irakasleek dohaintzan emandako instrumentuak jaso eta Norai elkarteari helaraziko dizkiote.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun